Gaur, eguaztena, jakinarazi du AEKk zein izango den 22. Korrikaren ibilbidea. Soraluzera bigarren egunean iritsiko da. “Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du Korrikak, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, Gipuzkoara sartzeko ondoren, Eibartik. Hortik Debagoienera eta, buelta Arabara, Legution barrena, arratsaldeko 17:00etan edizio honek egingo duen lehenengo hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz”.
Debabarreneko ibilbidea
Hain justu, Debabarrenean, honako ibilbidea egingo du apirilaren 1ean:
- Mallabia 08:36
- Ermua 08:59
- Eibar 09:30
- Elgoibar 10:16
- Soraluze 10:55
Mutikutik (23:20) apirilaren 7an pasatuko da eta apirilaren 8a izango da Debara (00:01) heldu orduko.
Aurtengo leloa: Hitzekin
Osterantzean, aurtengo Korrikaren leloa Hitzekin da, hizkuntzaren erabileraren garrantziari keinua eginez: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, hiztun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”.
Eta aurtengo omenduak, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira, “34 urteko ibilbidea egin dutelako euskal munduan, eta, are garrantzitsuago, euskaraz; eta eragileak direlako, orainaldiari eta etorkizunari begira daudenak”.
Korrikan parte hartzeko hainbat modu daude. Hemen klikatuta guztien berri.
Horrez gainera, denda ere badu AEKk eta dagoeneko bertan dauka Korrikaren materiala salga. Sartzeko, hemen klikatu.
Mezua
Honako hauxe da aurtengo Korrikaren mezua:
"Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak.
Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek... Bada ekiteko ordua.
Hitz egiteko ordua. Hortaz, ernatu, larrialdi linguistikoaren alarma gorriak pizten hasiak dira. Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.
Ezinbestekoa da partida hau irabaztea. Ekiteko ordua da, orain bukatu behar da tantoa, orain irabazi behar da norgehiagoka, 22. KORRIKAra batzeko unea da. Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin.
Zerekin? Hitzekin, Hitzarekin eta Ekinarekin".