Patricia Borinaga bozeramale sozialistak esplikatu duenez, Estatuak bi modutara bideratuko ditu dirulaguntzak. Batetik, Estatuko COVID-19 funtsetatik 25,1 milioi euro bideratuko dira Gipuzkoako Foru Aldundira; kopuru horretatik Debabarreneko udaletara 1.964.839,15 euro helaraziko dira eta hortik 133.255,84 euro izango dira Soraluzerendako.
Bestetik, Borinagak jakinarazi duenez, ETPren konturako ekarpenek (Estatuko Tributuetan Partaidetza) igoera handia izan dute, eta “Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak hitzeman zuen bezala, udalerriei zuzenduko zaizkie udalen beharrei aurre egiteko eta herritarren bizitza hobetzen laguntzeko”. Funts horretatik 62.029,85 euro Debabarrenerako izango dira eta hortik 4.163,60 Soraluzerendako.
"Udal zerbitzu hobeak"
Prentsa-ohar baten bidez Borinagak azaldu duenez, COVID-aren pandemia dela-eta, “ezohiko” egoera bizi da. Azpimarratu du orain "susperraldi ekonomikoa" dela garrantzitsuena eta Espainiako Gobernuak bideratuko dituen funts horiek oso “beharrezkoak” direla eskualderako, “baina bereziki Soraluzeko udalarentzat, non herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea baita. Ongizatearen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugu Udalean, eta, beraz, laguntza ekonomiko horiekin udal-zerbitzu publiko hobeak eman ahal izango ditugu, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko”.
Gaineratu duenez, “udal-aurrekontuak izugarri estutu” dira eta horren ondorioz, derrigortuta daude gastuak “modu drastikoan” lehenestera. Ildo horretan, “erakundeen arteko batasuna eta lankidetza giltzarritzat” jotzen ditu Borinagak, “Udalak bakarrik gelditu ez daitezen”. Hori dela-eta, eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari: “Ezinbestekoa da Udalek behar adina diru-sarrera izatea agindu zaizkigun eginkizunak bete ahal izateko”.