Hiru puntuak etxekoendako

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 16a, 09:28

Atzo, zapatua, garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Sorako gorengo mailako taldeak, Idiazabalgo taldeari 2-1 irabazita. Lehen zatian, Sorak izan zituen gol aukera gehiago eta asmatu ere etxeko taldeak asmatu zuen baloia sareratzen. Bigarren zatian, berriz, presa handiarekin zelairatu ziren Idiazabalgoak, baina orduan ere, etxekoek sartu zuten bigarren gola. Tentsio handiko azken minutuak etorri ziren, batik bat, Idiazabalek gola sartzea lortu ondoren, baina Sorak eutsi eta garaipena poltsikoratu egin zuen.

Atzo, pareko samar hasi zen Soraren eta Idiazabalen arteko partida. Baina ahaleginaren ahaleginaz, Sorak gol aukera gehiago sortu zituen eta halako batean, Jonpek sartu zuen partidako lehen gola, atezainarekin aurrez aurre borrokatu ondoren, 38. minutuan.

Atsedenalditik bueltan, berriz, Idiazabalek areagotu egin zuen presioa, baina presa handiarekin jokatzen jardun zuen asmatu ezinda eta bigarren zatian ere, Sorak sareratu zuen baloia bigarrengoz, Txatoren eskutik oraingo honetan, 68.minutuan, zuzeneko jaurtiketa ikusgarri baten bitartez. 

Hortik aurrera, gogortu egin zen partida eta etengabe presionatzen ibili zen Idiazabalgo taldea. Azkenean, 88. minutuan gola egitea lortu zuten bisitariek.

Horrek hauspotu egin zuen Idiazabalgo taldea, baina ez zuten lortu Soraren defentsa apurtzerik. Hoti bai, bi taldeen artean, urduritasuna eta tentsioa nabarmen handitu ziren. Txartel horiak ugaritu egin ziren eta luzapenean, epaileak txartel gorria atera zion Sorako Markel Gil jokalariari. Baina Sorak eutsi eta azkenean, garaipenarekin bukatu zuen norgehiagoka.