Oreka Art galeriak indartsu ekin dio urte berriari eta Keixetaren Konfinatuak erakusketa luzatzearekin batera, bi aste barru, Xabier Egaña artista beteranoaren margolanak ere ikusi ahal izango dira Gabolatseko galerian.
Egañaren margolanak
Xabier Egaña Albizu (Areera, Getxo, 1943) bizkaitar margolari eta artista beteranoa da. Arte munduan ezaguna, besteak beste, Arantzazuko basilikaren eraikuntzan eskuz esku lan egin zuelako Jorge Oteiza eta Lucio Muñoz artistekin batera, Ama Birjinaren ganberatxoa margotzen. Alberto Ramirezen esanetan, artista getxoztarrak Soraluzera ekarriko dituen margolanak “ia ikusigabeak” dira, “Tapies, Millares eta beste zenbait artistaren obrei buruzkoak”. Erakusketaren komisarioa Juan Ayesta artista plastikoa, berriz, aspaldiko ezaguna Oreka Art galerian.
Erakusketa urtarrilaren 28an inauguratuko dute eta otsailaren 28ra arte izango da ikusgai.
Martxoan Arrizabalaga eta apirilean Errazu
Datozen hilabeteetan, beste bi artistaren obrak ikusi ahal izango dira galerian. Martxoan Victor Arrizabalaga (Mañaria, 1957) eskulturgilearenak eta apirilean Jon Errazu margolari plazentziatarrarenak.