LUR-JAUSIA ERREPIDEAN

Luzerako egongo da itxita

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 13a, 09:26

Lur-jausia 55. puntu kilometrikoan gertatu da.

Oraindik itxita segitzen du Soraluzetik Maltzagarako errepide tarteak. Ertzaintzak emandako xehetasunen arabera, harriak eta zuhaitzak jausten ari dira oraindik eta horregatik ezin dira garbiketa-lanak egiten hasi. Uste dute luzerako joko duela egoerak. Bestalde, Elgoibarren istripua izan da eta 3 kilometroko auto-ilarak sortu dira AP8 autobide inguruan. Hainbat soraluzetar harrapatu ditu autobidetik irten ezinda. 

Segurtasun Sailetik esandakoaren arabera, Maltzagan moztuta dute 627 errepidea Soraluzerako bidean eta berdin Soraluzen ere, Maltzagarako bidean; izan ere, menditik, AP1 autobidearen zubipe ingurutik harriak, zuhaitzak eta lurra jausten ari dira oraindik eta luiziak errepidea alderik alde hartuta dauka. 

Garbiketa lanak ahalik eta lasterren egin nahi dituzte, sikiera errei bat libre laga eta ibilgailuei pasoa txandaka emateko, baina uste dute luze joko duela oraingo egoerak.

Bestalde, Elgoibarrera joan beharra zuten hainbat soraluzetar beste auto-pilaketa batek harrapatu ditu. Kasu honetan, istripua gertatu da Elgoibarren, AP8 autobidearen irteeran, N-634 errepidean. Bi autok aurrez aurre elkar jo dute eta gero hirugarren batek istripua izan du beste bien kontra. Istripu horretan pertsona bat zauritu egin da.

Bada, Elgoibarko istripuaren ondorioz, hiru kilometroko auto-ilarak daude eta AP-8 autobideko irteera itxita dago oraindik. Dena den, Ertzaintzak esandakoaren arabera, istripuko ibilgailuak erretiratuta daude dagoeneko eta espero dute hango errepidea laster zabaltzea. 

 

Erlazionatuak