Gazte eta kadete mailakoak igoera fasean

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 6a, 10:17

Sorako jubenil taldea jokoan, Arrasateko taldearen kontra. Argazkia: Sora.

Gabonetako etenaldiaren ondoren, asteburu honetan jokatuko dituzte 2022ko lehen partidak Sorako futbol taldeek. Gazte eta kadete mailakoendako, gainera, norgehiagoka garrantzitsuak izango dira, bi taldeak igoera fasea jokatzen hasiko baitira. Gazteek domekan dute hitzordua, Ezoziko futbol zelaian, kadeteek, berriz, zapatuan Arrasaten.

Igoera fasea jokatuko dutenen artean, Sorako kadete mailakoek dute lehen hitzordua. Arrasateko Mojategin jokatuko dute, zapatuan, 11:45ean.

Sorako gazte mailako taldeak, berriz, Ezoziko futbol zelaian dauka partida; Lazkao Kirol Elkartea izango du aurrez aurre, domekan, 17:30ean.  

Gorengo maila

Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, gorengo mailako taldea ere bueltatuko da liga txapelketara asteburuan. Lehen partidan, sailkapenean gertu-gertuan duen Azpeitiko Ikasberri izango du arerio, zapatuan, 17:30ean, Azpeitiko Garmendipen.

Azkenik, Sorako infantilek ere badute partida zapatuan. Gainera, zelairatzen goiztiarrenak izango dira, 09:30ean jokatuko baitute Elgoibarren, hango taldearen kontra.