Vicente Iriondo, Manolo Oyonarte, Rafael Peñalver, Jose Ramon Elorza, Santi Entrena, Bingen De Pedro, Juan Ayesta eta beste hainbat artista batu ziren abenduaren 17an Keixetak Oreka Art Galerian aurkeztu zuen ‘Konfinatuak’ izeneko erakusketaren inauguraziora, Alberto Ramirez gidari zutela. Horrez gain, bertan izan ziren udaleko ordezkari modura Iker Aldazabal alkatea eta Abel Olaizola Kultura zinegotzia ere.
Konfinamendu garaiko aurpegiak
Keixetak berak azaldu zuenez, erakusketa osatzen duten lanak azken bi-hiru urteetan eginak dira eta konfinamendu garaian egin zituen zeramikazko busto zuriek eman diote izena erakusketari. “Aurpegi serioak dira, konfinatuta geunden egunetan balkoitik balkoira izan genuen harremanak eta giroa adierazi nahi dute”, azaldu du artista zestoarrak. Bustoekin batera, badira beste zeramika lan txikiago batzuk ere, katilu eta plater erakoak eta itsasoko marrazkilo forma duten beste zenbait ere bai.
Gerra eta aldaketa klimatikoa margolanetan
Margolanen atalean ere badira konfinamendu garaiari lotutako bi lan; beste bi gerrari buruzkoak, ohiko gaia Keixetaren margolanetan: “Nola bizi naizen mundu hontan, iristen zaizkigu hainbat lekutako gerren informazioak. Tristura, haserrea, amorrua… sentitzen dut eta nire egoera trasladatzen dut margolanetara”. Bestalde, badira gizakia munduan eragiten ari den “desastrea”ri eta "aldaketa klimatikoa"ri lotzen zaizkion margolanak ere, zeinetan errepresentatzen diren “planetak edo toki pribatuak… zeinetara aldegin dezakegun beste bizitza bat egin ahal izateko. Itsaso azpian kokatuak eta abar”. Azkenik, paisaje hutsak agertzen dituzten margolan zenbaitek osotzen dute erakusketa.
Artelan guztiok ikusgai daude urtarrilaren 14ra bitartean, astegunetan, 19:00etatik 20:00etara bitartean, Gabolatseko Oreka Art galerian.