Amaitu dira SAPAKo langileen joan etorriak Andoainera

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 24a, 08:00

SAPAk aurten hutsu ditu Soraluzeko pabiloiak. Argazkia: Ubane Madera.

Hamazazpi urteren ostean, Soraluzetik Andoiango SAPAko lantegira joan etorrian jardun duten langileek, aste honetan egin dute azken bidaia. Izan ere, azken urtebetean Soraluzetik joan izan diren azken bi langileak aste honetan aurrejubilatu dira.   

2005ean SAPAk Soraluzeko lantegietako aktibitatea eten zuenetik, herriko lantegian lan egiten zuten langileek enpresak Andoainen duen lantokira joan behar izan dute lanera enpresak ipinitako autobusean. Hasierako urte hartan, 51 langilek ekin behar izan zioten Andoainerako joan etorriei baina urteek aurrera egin ahala, langileak jubilatu eta aurrejubilatu egin dira eta, ondorioz, egoera horretan zeuden langileak gero eta gutxiago izan dira, aste honetan azkenengo bi langileak aurrejubilatu diren arte (Barrutia eta Rascon).

Amaitu da 

Honenbestez, 2021arekin batera amaitu da Soraluzeko langileen parte hartzea SAPA enpresan. Sorapediak jasotzen duenez, gaur egun Jokin Aperribay Errealeko presidentea jabe duen armagintzako enpresak 86 urte daroatzala jardunean Sociedad Anonima Placencia de las Armas izenarekin; 1935an, gerra aurretik, Espainiako inbertsore talde batek The Placencia de las Armas Company Limited bereganatu eta enpresa berritu zuenetik. Gerra osteko urteetan, SAPA Soraluzeko enpresarik handiena izan zen, herriko nahiz inguruko herrietako ehunka herritar langiletzat hartuta.