UDALBATZARRA

'Tapia legea'-ren harira desadostasuna

Erredakzioa 2021ko abe. 24a, 12:54

Roke Akizu EH Bilduren mozioa irakurtzen.

Eguazteneko osoko bilkuran, puntu batek eztabaida eragin zuen Udal Gobernuaren eta oposizioaren artean, Tapia legea dela-eta, EH Bilduk aurkeztutako mozioaren bueltan. Roke Akizu zinegotziak gogor jo zuen lege horren kontra. Besteak beste, adierazi zuen "guztiz arbitrarioa" dela.

Labur esanda, eguazteneko eztabaida Legebiltzarrean onartutako lege aldaketa batek eragin zuen.

Aldaketa horren bitartez, aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak ahalmena izango du bere ustez ingurumen-hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura (parke eolikoak, araztegiak, zabortegiak...) interes publiko goreneko proiektu izendatzeko eta edozein udalerritan proiektu hori gauzatzeko, nahiz eta herri horretako Udala kontra egon.

EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen aldaketa horren kontra. Puntuaren bozketan, mozioaren alde bozkatu zuten EH Bilduko 4 zinegotziek (bat ezin izan zen osokoan izan) eta kontra Udal Gobernuko seiek.

Kontrako arrazoi ugari

Boto azalpenean, EH Bilduren izenean, Roke Akizu zinegotziak azpimarratu zuen larria dela Jaurlaritzari ahalmen hori ematea, hainbat arrazoirengatik:

Batetik, Udalen autonomia urratzen duelako.

Bestetik, herrietan berez badaudelako herrien antolamendua arautzen duten egitamuak edo HAPOak onartuta, Soraluzeren kasuan, alderdien arteko erabateko adostasunarekin eta herritarren partaidetzarekin.

EH Bilduk azpimarratu zuen HAPO horiek oso garantistak direla eta bermatzen dutela ezin dela edozer gauza egin herrietan.

Ildo beretik, oposizioko koalizioak uste du Jaurlaritzak badituela bideak lurralde mailako proiektuak garatzeko, hala nola, Plan Sektorialak zein Plan Partzialak, beraz, ez dela bide berririk behar.

Bestelakoen artean, gogora ekarri zuen Gipuzkoako udalerri gehienak EH Bilduren eskuetan eta galdegin zuen ea zer gertatuko litzatekeen gobernua aldatuko balitz.

Bestalde, adibide zehatzetara joz, esan zuen legearen aldaketa horrekin orain posible izango litzatekeela bere garaian Soraluzen baztertu zen parke eolikoa gauzatzea.

"Joko garbia"

Horrez gainera, Akizu zinegotziak azpimarratu zuen ingurumena moduko gai garrantzitsuekin eta estrategikoekin ezinbestekoa dela alderdi guztien arteko "joko garbia" eta guztiek jakitea zeintzuk diren Jaurlaritzaren asmo orokorrak eta zein helbururekin nahi dituen interes orokorrekoak izango diren lurralde mailako proiektu horiek gauzatu, haren egokitasuna behar den moduan baloratu ahal izateko.

Horrekin batera, Akizuk salatu zuen, besteak beste, lege aldaketa egiteko erabili duten prozedura ez dela batere prozedura garbia izan.

Erantzuna

Akizuri erantzunez, Udal Gobernuko kideek adierazi zuten badaudela hainbat proiektu herriko edo tokiko markoa gainditzen dutenak, ongizate orokorra bermatuko duten proiektuak kasu, eta, halakoetan, erabakimena ez dagokiela Udalei, goi mailagoko erakundeei baizik.

Adibide moduan, Covid ziurtagiriaren erabileraren derrigortasuna ezartzeko agindua goitik etorri zaiela gogorarazi zuen Patricia Borinaga sozialistak, salatuz, ziurtagiri hori lortzeko herritarrei eskaini beharreko laguntza, berriz, Udalen esku laga dutela.

Iker Aldazabal jeltzaleak, berriz, besteak beste, jakinarazi zuen Estatuko beste zenbait lurraldetan formula berberak erabiltzen dituztela intetes goreneko proiektuen kasuan, Nafarroan, adibidez. Alkateak gogorarazi zuenez, kasu horretan, Uxue Barkos presidente zela eta Ingurumen arduraduna EH Bildukoa zela eman ziotela bidea lege horri.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.