Pascual Churrucako lursailei dagokienez, atzo onartu zuten fabrikaren esparruko lursailak Eusko Jaurlaritzako etxebizitzako Sailari lagatzea bertan alokairuan emateko 29 etxebizitza sozial eraikitzeko proiektua gauzatu dezan.
Dolmenen Ibilbidea
Onartu zuten, baita ere Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalen, Debemenen eta Debegesaren arteko lankidetza-hitzarmena berritzea, Dolmenen Ibilbidea kudeatzeko eta garatzeko.
Kasu honetan, Iker Aldazabal alkateak esplikatu zuen aurrerantzean Dolmenen Ibilbidearen kudeaketa Debegesaren esku geratuko dela. Aldazabalek esan zuenez, orain arte Soraluzeko Udala arduratu da ibilbide horren kudeaketaz, bera izan baita proiektuaren bultzatzaile nagusia, ibilbidearen zatirik handiena Soraluzeko lurretan dagoelako. Gaineratu zuen inbertsiorik eta lanik handienak eginda daudela, indusketak, itxiturak, seinaleztapena… Beraz, hemendik aurrerako mantenu-lanak Debegesaren esku lagako dituztela.
Neguko aterpetxea, 14 lagunendako
Atzo, udal ordezkariek aho batez onartu zuten, baita ere, Soraluze, Elgoibar, Mutriku, Mendaro, Eibar eta Debako udalen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea, egoera larrian dauden pertsonentzako neguko dispositiboa kudeatu eta erabiltzeko.
Xehetasunen arabera, neguko aterpe hori Eibarren egongo da karmeldarren egoitzan, 14 lagunendako lekua izango du eta oinarrizko zerbitzuak eskainiko ditu, lotarako aukera, jatorduak egiteko eta norberaren oinarriko garbitasunetarako. Apirilaren 15era arte izango da zabalik, iluntzeko zortzietatik goizeakohamarrak arte eta asko jota, erabiltzaile bakoitzak hilean bost egunez egon daiteke bertan.
Langabeak kontratatzeko
Eta onartu zuten, baita ere, Lanbidek, enplegua eta tokiko garapena sustatzeko zerbitzuak, enplegua eta tokiko garapena sustatzeko diruz laguntzen dituen proiektuak exekutatzeko hitzarmena. Kasu horretan, Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuen hitzarmen horrek ahalbidetzen duela urtero langabeak kontratatzea. Esplikatu zuen halako lau badaudela lanean orain ere, hiru peoi eta ingurumen teknikaria, sei hilabeterako eta egun erdiz.