UDALBATZARRA

Komun publikoetarako, baserritarren buzoietarako, SAPA garbitzeko zein lursail gehiago erosteko kreditu aldaketak

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 23a, 09:12

SAPAko pabiloia garbitzeko 16.000 euro bideratuko ditu Udalak.

Atzo, eguaztena, udalbatzak egindako osoko bilkuran, mahai gainean zeuden puntu gehienak aho batez onartu zituzten udal ordezkariek. Tartean, hainbat kreditu aldaketa egitea onartu zuten, guztira, 136.150 euroko aldaketak. Kopururik handiena komun publiko berriak egitera bideratuko dute.

Udal Gobernuko (EAJ eta PSE-EE) zein oposizioko (EH Bildu) udal ordezkariek aho batez onartu zituzten honako kreditu aldaketak egitea:

  • 2.500 euro gehiago liburutegiko ordenagailuak zaharberritzeko.
  • 6.000 euro gehiago Askabeitti garbitzeko, itxitura egiteko eta landaketak egiteko.
  • 9.000 euro gehiago zoladura lanak egiteko.
  • 4.000 euro gehiago kale altzariak konpontzeko.
  • 10.000 euro gehiago udal brigadarako.
  • 7.000 euro gehiago kaleko argiteriaren urteroko auditoria egiteko.
  • 2.650 euro gehiago baserritarren buzoiak berritzeko; orain dauden lekuan ipiniko dituzte berriak.
  • 6.000 euro gehiago Sologoeneko mantenu lanetarako.
  • 50.000 euro komun publiko berrietarako. Urtarrilean lotuko dituzte xehetasunak.
  • 20.000 euro mendigainean lursail gehiago erosteko.
  • 16.000 euro SAPAko pabiloia, udal jabetzekoa dena garbitzeko.
  • 3.000 euro gehiago zinegotzien kilometraje gastuetarako.