Egunotan, ohi baino erabiltzaile gutxiago dabil kiroldegian, bai igerilekuan eta baita gimnasioan ere. Gainera, orain, 2022ko bazkidetza berritzea tokatzen da eta hor ere igarri dute beste urte batzuetan baino baja gehiago ari dela izaten.
“Jaitsiera horren arrazoi guztiak ez dakizkigu, ze askok ez dute arrazoirik ematen eta urtero egoten dira bajak. Baina, batek edo bestek esan du ez duela bazkidetza berrituko ez dutelako Covid pasaporterik”, esan du Maria Gallastegi kiroldegiko udal teknikariak.
Behin betiko datuak, urtero moduan, otsailean emango dituzte eta orduantxe ikusiko da pasaportearen eragina zenbaterainokoa izan den.
Kuotak bueltatzeko eskaera
Edozelan ere, Covid pasaportea dela-eta, bi herritarrek zuzenean eskatu diote Udalari 2021ko bazkidetza-kuota bueltatzea, joan den abenduaren 16tik ezin izan dutelako kiroldegia erabili. Alkateak esan duenez, bihar, eguena, Kirol Batzordean aztertuko dituzte eskaerok.