Arerio zaila zuen Sorak urteko azken partidarako, Legazpiko Ilintxa, sailkapen orokorrean bigarren doan taldea. Eta are gehiago zaildu zitzaion Sorari norgehiagoka, lehen 15 minutuetan hiru gol sartu baitzituzten legazpiarrek; lehen bi minutuetan lehen gola, 6. minutuan bigarrena eta hirugarrena 9. minutuan, penaltiz.
Kontrako markagailu horrek baldintzatuta iritsi ziren atsedenaldira Sorako jokalariak. Baina aldageletatik bueltan, bestelako gar batekin zelairatu ziren. Horrek emaitzak eman zituen eta 53. minutuan gola sartu zuen Beñatek.
Golak indarra eman zien etxekoei; harmailetan zeuden zaleek ere gogotsu jardun zuten etxekoak animatzen. Eta horrela etorri zen bigarren gola, Leturen eskutik oraingo honetan, partidaren 69. minutuan.
Giro beroa
Hori bai, ordurako partida bero-bero zegoen, jokalarien artean zein ikusleen artean. Zelaian, guztira, 9 txartel hori izan ziren, bat gorria. Eta harmailetan, berriz, ikusle gutxi batzuk elkarren artean haserretu eta demandaka hasi ziren.
Une batez, epaileak geratu egin zuen norgehiagoka eta bi taldeetako jokalariak harmailetara gerturatu ziren, ikusleei lasaitasuna eskatzeko, bestela epaileak partida bertan behera lagatzeko asmoa baitzeukan.
Horren aurrean, animoak bareago zituztela segitu zuten zaleek animatzen. Zelaian, berriz, etengabeko erasoan ibili zen Sora, sikiera berdinketa poltsikoratu nahian. Baina ez zuten lortu baloia atean sartzerik.
2-3ko emaitzarekin, sailkapenean 9. lekuan dela (11 dira guztira), oporrak hartuko ditu Sorak Gabonak bukatu arte.