Presoen aldeko mobilizazioak, urteko azken eta lehen asteetan

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 20a, 10:36

Presoen eskubideen alde azaroan egindako elkarretaratzea.

Euskal presoen eskubideen aldeko Sare mugimenduak hiru mobilizazio antolatu ditu 2021. urte amaierarako eta 2022aren hasierarako. Batetik, abenduaren 26an manifestazioa egingo dute Donostian eta bertaratzeko autobusa izango da Soraluzetik; abenduaren 24rako eman behar da izena. Bestetik, abenduaren 31an elkarretaratzea egingo dute herrian eta azkenik, urtarrilaren 8an, urteroko manifestazio jendetsua egingo dute, Bilbon.

Donostiako manifestazioari dagokionez, Etxerako bidean leloarekin, bi mobilizazio egingo dituzte Gipuzkoako hiriburuan. Batetik, 12:00tan, Martuteneko espetxetik abiatuko den bizikleta martxa egingo dute eta 13:00etan, berriz, epaitegietatik abiatuko da manifestaziora.

Arrano tabernan

Soraluzeko Sare mugimendutik jakinarazitakoaren arabera, Donostiara joateko autobusa izango da herritik bertatik; 11:15ean abiatuko da Zubi Nagusitik. Joan nahi duenak abenduaren 24a baino lehen eman behar du izena, Arrano tabernan.

Abenduaren 31ko mobilizazioari dagokionez, berriz, hileko azken barikua izanda, elkarretaratze berezia egingo dute Plaza Berrian, 19:30ean.

Bilbon

Azkenik, urtarrilaren 8an, urteroko manifestazio handia egingo dute Bilbon. Hara joateko ere izango da autobusa Soraluzetik eta joango dira xehetasunak helarazten.

Dena den, batetik, aurreratu dutenez, besteak beste, euskal sindikatuen gehiengoak dagoeneko iragarri du babesa emango diola Bilboko mobilizazioari.

Biktimen mahai-ingurua

Bestetik, iragarri dute manifestazioa aurretik, goizean, pertsona esanguratsuen arteko mahai-ingurua egingo dutela Euskalduna Jauregian. Pili Kaltzada kazetariak gidatuta, honako lagunek parte hartuko dute bertan:

  • Robert Manrique, ETAren biktima (Hipercor)
  • Naiara Zamarreño, ETAren biktima (Manuel Zamarreñoren alaba)
  • Rosa Lluch, ETAren biktima (Ernest Lluchen alaba)
  • Maider García, GALen biktima (Juan Carlos Garcíaren alaba)
  • Idoia Zabalza, polizia- eta estatu-indarkeriaren biktima (Mikel Zabalzaren arreba)

Mahai-inguru hori streaming bidez ikusi ahal izango da.