Kataluniarren eta euskal herritarren arteko lehen mobilizazio handia antolatuko du Gure Eskuk

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 19a, 12:06

Joan zen eguaztenean, Soraluzeko Gure Eskuk antolatuta hitzaldia eskaini zuten Irati Elizalde eta Jexux Olaziregi mugimenduaren nazio mailako zuzendaritzakideek Gaztetxean. Bertan, orain arteko ibilbidearen errepasoa egitearekin batera, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri-mugimenduak uztailean kataluniarrekin batera Pirineotan egin asmo duen Gailurra izeneko mobilizazio handiaren berri ere eman zuten. Hitzaldiaren ostean, Soraluzeko Gure Eskuren ibilbideari buruzko argazki erakusketa ere inauguratu zuten.

Elizaldek gogorarazi zuenez, aurten bederatzi urte bete dira, Gure Esku, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua sortu zela Euskal Herrian, “etorkizuna libreki erabakitzeko helburuarekin”. Lehen urteetako mobilizazio arrakastatsuen ostean, azken urteotan egoera politikoa zein mugimendua bera, “impass moduko batean” dagoela adierazi zuen eta “inflexio puntu bat markatzeko beharra” somatzen dela.  Hargatik, Gure Eskuk eskualdez eskualdeko batzarrak abiatu ditu datozen hilabeteetan aldarria nahiz mugimendua bera indartzeko, antolatu asmo diren ekimenen berri emanez.  

2019an erreferenduma egitea helburu hartuta hasi zuten sinadura bilketa, abenduan amaituko dute eta jasotako sinadurak erakundeetan aurkeztu ostean, Euskal Herrian erreferenduma antolatzeko bidea prestatzeari ekingo diote, horretarako “burujabetza klabean” dauden eragile eta norbanako guztiekin batera lan eginez. “Alderdi politikoekin biltzen ari gara eta ahaleginduko gara ahalik eta inplikaziorik handiena lortzen baina ezin dugu erakundeen eta alderdien zain egon eta galdeketa egiteko aukera sortzen bada egin egingo dugu inoren zain egon gabe”, ohartarazi zuen.

Mobilizazio bateratua Pirineotan

Alde horretatik, 2022ko uztailaren 2an euskal herritarrak eta kataluniarrak Pirineotan batuko dituen Gailurra mobilizazioa “gako garrantzitsua” izango dela azpimarratu zuen Olaziregik, “bai erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena eta bai mugimendua bera indartzeko ere”. Izan ere, Gure Eskuk Kataluniako Omnium cultural eta Asamblea Nacional Catalanarekin batera, mobilizazio “erraldoia” prestatzen dihardu datorren udarako, Igerretik Benasqueraino laurehun mendi argiztatzea helburu hartuta. Moblizazio hori kataluniarrek eta euskaldunek elkarrekin egiten duten lehen mobilizazio handia izango litzateke eta helburua da “munduaren aurrean bi herriek euren etorkizuna librei erabakitzeko duten nahia adieraztea”. Tartean, 1937an Agirre eta Compayns lehendakariek erbesterako bidea elkarrekin abiatu izana ere gogoratuko dute, “orain askatasunerako bidea elkarrekin” egin nahi dutela adierazteko.

Datozen hilabeteetan, Gure Eskuko kideek Gailurra mobilizazioa prestatzeko lanei ekingo diete herriz herri eta espero dute Euskal Herrian zein Katalunian milaka herritar mobilizatzea.