Adur zuretzat kikcboxingean debuta izango da Madrilgoa, ezta?
Bai, kickboxingean orain dela 5 hilabete hasi nintzen, Eibarren. Gero Iurretako Gerlari Team gimnasiora pasatu naiz eta han esan didate ez nautela txarto ikusten eta nahi izanez gero, borrokatzeko moduan nagoela. Horregatik animatu naiz. Dena den, boxeoan bi bider borrokatu naiz. 2018an debuta eta gero 2019an berriro. Hala ere, urduri nago.
Zuk, Mouad, Bilbon debutatu eta gero, beste modu batera ikusten duzu Madrilgoa?
Bai, askoz hobeto, lasaixeago. Lehenengo borrokan zalantza asko izaten dira. Gero, uxatzen zoaz. Ikusi nuen urduritasunak saihestu ahal badira, hobeto dela. Azken egunera arte, normal egongo naiz. Irabazle pentsamoldearekin atera behar zara, berdin da zein den arerioa. Dena den, liga amateurrean gaude. Emaitza ez da horren garrantzitsua. Eta Iurretako gimnasiokoek esan didate aukera mordoa egongo direla.
Euskadiko Txapelketara ere bazoazte gero, ezta? Bai, urtarrilaren 29an. Ni (Mouad) ringean, 57 kilotik beherakoen mailan lehiatuko naiz. Ni (Adur) tatamian, 74 kilotik beherakoen mailan.
Zelakoak dira zuen entrenamenduak? Astelehenetik ostiralera entrenatzen dugu, Iurretan, astean 8 ordu. Eta zapatuetan sparring orduak izaten ditugu. Muskularrak, kardio ariketak eta teknika lantzen ditugu. Horrez gain, batzuetan gimnasio profesionaletara gonbidatzen gaituzte, Aratz Garmendia Kamikazeren gimnasiora, Giorgi Bazanov-en gimnasiora… Bilbon daude.