mendi astea

Silvia Vidal eskalatzaileak proiekzioa eskainiko du gaur

Egoitz Unamuno 2021ko abe. 16a, 10:54

Sivia Vidal eskalatzaile kataluniarrak hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldeko 19:30ean antzokian. Vidal oso pertsona ezaguna da eskaladaren munduan, batez ere, eskalatzeko eta bizitzeko daukan filosofia bereziarengatik. Gaurko ekitaldia Mendi Astearen barruan antolatutako egitarauaren bigarren  eta azken aurreko ekimena izango da. 

"Silvia Vidalek egiten duena izugarria da" azpimarratu dute antolatzaileek: "luxuzko gonbidatua da". Gaurko hitzaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da eta sarrera debaldekoa izango da.

Bakarrik eta konexiorik gabe 

Sílvia Vidal (Batzelona, 1970), 24 urte zituela hasi zen eskalatzen eta ordutik ibilbide luzea egin du eskalada munduan. Munduko lurralde askotan eskalatu du eta oso ibilbide zailak burutu ditu, tartean, lehen igoerak ere bai: Himalayan (India eta Pakistan), Malin (Mendebaldeko Afrika), Baffin uhartean (Kanada), Yosemite haranean (AEB), eta beste leku askotan.

Bereziki ezaguna da horma handietan egin dituen bakarkako igoerengatik eta ez duelako inoiz kanpoaldearekin komunikatzeko gailurik erabiltzen, ez mugikorrik, ez internetik, ez GPSrik, ez irratirik, ez ezer. 

"Hormak igo nahi nituen, horma handiak. Lehenengo etxetik gertu, gero urrutiago zeudenak, eta gero zailagoak. Gero, bakarrik joan nahi izan nuen, bakardadea sentitu nahi nuelako. Bakardade ona; norberak aukeratzen duen bakardade mota hori", dio Vidalek antolatzaileei bidali dien aurkezpen gutunean. 

Bertan kontatzen duenez, Patagoniara egin zuen azken espedizioan, hilabete eta erdi pasa eman zuen hango haran urrun batean bizitzen, 1200 metrora dagoen horma birjin bat igotzea helburu hartuta. Horretarako, hiru astez, 150 kilo material eta janaria porteatu zituen, eta ondoren, guztira, 33 egun eman zituen hormatik zintzilik. 

Zapatuan Atxolinera

Bestalde, Mendi Astearen egitarauaren azken ekitaldi moduan, zapatuan, Atxolinera mendi irteera antolatu du Mendi taldeak. Irteera goizeko 9:00etan izango da Plaza Berritik eta antolatzaileek herriko mendizale guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.