Gaur antzokian proiektatuko duten Cholitas dokumentalak emango dio hasiera Mendi Asteari. Dokumentalak bost emakume boliviarrek egindako espedizio baten historia kontatzen du. Lidia Huayllasek, Dora Magueñok, Analía Gonzálesek, Elena Quispek eta Cecilia Lluscok Ameriketako mendirik altuena igo zuten, Aconcagua (6.952 m), euren jantzi tradizionalak soinean.
Etzi, Silvia Vidal eskalatzaile kataluniarrak proiekzio komentatua eskainiko du antzokian. "Bizi eta kirol filosofia berezia duen eskalatzailea da. Oso ausarta. Mugikor eta konexio barik eskalatzen du eta askotan bakar-bakarrik. Urrezko pioleta ere eman diote. Luxua izango da aurrez aurre ezagutu eta entzun ahal izatea".
Xabier Arribilaga eta Alberto Alvarez antolakuntza taldeko kideen esanetan, "edozeinentzat erakargarria izan daitekeen egitaraua osatu nahi izan dugu. Mendizale oso ezagun edo mainstream-ak barik, zeozergatik bereziak direnak ekarri nahi izan ditugu eta suertatu da emakumezkoak izatea".
Zapatuan, mendi irteera Atxolinera
Egitaraua "borobiltzeko", abenduaren 18an, zapatuan, mendi irteera egingo dute Atxolinera. Goizeko 9:00etan aterako dira Plaza berritik eta tontorrera igo ostean, hamaiketakoa egingo dute Urtiazelain. Adin guztietako mendizaleei zuzendutako ibilaldia da.
Lau urteren ostean
Lau urte dira Mendi taldeak azkenengoz mendi astea antolatu zuela eta azken bi urteotan, pandemiagatik, mendi irteerarik ere ez dute antolatu (ezta Marraskilo Tour ere). Hain zuzen, egoera horri buelta emateko, herriko "mendizaleak batzea eta elkarrekin gozatzea" da abenduaren bigarren asterako antolatu duten Mendi astearen helburua. Eskalada eta emakumezkoak izango ditu ardatz. Hori dela eta, Udaleko Berdintasun Batzordearen laguntza jaso du.