Abenduaren 15ean, 19:00etan, gaztetxean, Anartz Goia eta Jexux Olaziregi zuzendaritzako kideek 2021-2022ko plangintzaren eta erronken aurkezpena egingo dute, batik bat, Piriniotako Bidea ekimenaren berri emanez. Piriniotako Bidea izango da Kataluniako eta Euskal Herriko entitate sozialek batera antolatutako lehen mobilizazioa. 2022ko udan egingo dute eta helburua 400 gailur argiztatzea izango da. Soraluzeri zein mendi tokatuko zaizkion jakinaraziko dute abenduaren 15ean.
Argazki erakusketa
Batzarra bukatzeaz bat, urteotan Gure Esku-ren bueltan herrian egindako ekimenen argazkiekin osatutako erakusketa inauguratuko dute gaztetxean. Abenduaren 19ra arte izango da ikusgai. Ekitaldiak borobiltzeko, otar bat zozkatuko dute. Bestalde, abenduaren 23an, urdai azpikoaren porra egin eta sinadurak batzeko eta materiala saltzeko mahaia ipiniko dute.