"Gaur egun oso-oso zaila da pilotari profesional izatea"

Ubane Madera Zangitu 2021ko abe. 5a, 09:01

Aitor Atxotegi frontoian. Argazkia: Fernan Oregi.

Aitor Atxotegi Goenaga (Soraluze, 1988) da Soraluzeko Pilota Elkartearen arduradun, orain dela 10 urte; umeen entrenatzaile moduan, berriz, 15 urte daramatza, eta, herriko pilota taldea desegin arte, pilotaria ere izan zen. Gaur egun, pilota eskola izateaz aparte, maila guztietako pilotariak daude Soraluzeko elkartean, tartean, Munduko Txapeldun izendatu berri diren Manex Balerdi eta Ander Murua ere bai. 

- Munduko txapeldunak entrenatzen dituzu, zelan sentitzen zara horrekin?
- Ondo, gustura. Kasualitatez sortu zen aukera. Normalean Espainiako selekzioarekin entrenatzera joateko Espainiako Txapelketa jokatu behar da eta guk ez dugu sekula jokatu. Pandemian ez zenez euskal ligarik jokatzen, Soriako delegatuak deitu eta galdetu zuen ea klubeko Murua eta Balerdi prest leudeken Salamancarekin jokatzeko Espainiako Txapelketa. Baietz esan genion eta haiekin Espainiako Txapeldun atera zuten. Horren harira, Espainiako selekzionadore Mikel Lanak begiz jo zituen zen eta mundiala urte berean zenez, aurre-aukeraketan sartu zituzten beste 10-12 pilotarirekin batera. Europako txapeldun atera zuten eta errendimendurik onena zeinek ematen zuten ikusteko probetan, Manex eta Ander hautatzea erabaki zuen. Urte arrunt batean ez litzateke halakorik gertatuko.
- Oro har, esan daiteke Soraluzeko Pilota Taldeak baduela oihartzuna pilota esparruan, ala? Zelan lortzen da hori?
- Bai, batez ere nagusi mailan. Behar da konstantzia, lana, txapelketetan aurrean ibiltzea… Kluba osatzen duten pilotarien mailak ematen dio klubari oihartzuna eta indarra. Murua, Balerdi, Aitor Mendizabal, Ibai Bolinaga eta neu gaude nagusi mailan. Denon artean ekipo polita sortzen dugu.
- Zenbat begirale zaudete gaur egun? 
- Aurten Mikel Gallastegi eta neu. Guraso batzuk ere prest daude laguntzeko. Azkenean lana da. Astean bi bider frontoira 16:45ean sartzen naiz eta irten 19:45ean. Gero partidak izaten dira asteburuetan. Eta eskolartekoak ere bai. Hori dena borondatez egiten dugu. Begiraleondako dirulaguntza dago, baina sinbolikoa da.
- Soraluze herri pilotaria da?

"Kiroldegiko obrek eragindako etenak min handia egin zuen pilota taldean"

- Afizioa badago, baina jendea ez dator frontoira. 2000.ean kiroldegiko obren aurretik, taldeak maila guztietan zituen lehen mailako pilotariak: Muguruza, Erlei Txurruka, Arrieta, Iñaki Jauregi, Aritz Laskurain, Mikel Gartzia… Herriartekoa irabazi zuten… baina tokatu ziren kiroldegiko obrak, apurtu egin zen taldea eta pilotariak sakabanatu. Lehen kiroldegira gerturatzen zen jende guzti horren laurdena ere ez da batzen orain partidak ikusten.  Horrek pena ematen du. Garai hartako ekipoarekin eta boluntario taldearen lanari esker zegoen pilota eskola horrek jarraipena izan balu… eten horrek min handia egin zuen.
- Taldeko pilotari asko kanpokoak dira, zergatik?
- Kadete mailara iristen dira eta askok laga egiten dute. Pilota oso kirol indibiduala da, gogorra da, adibidez, ostiral baten Tolosara joatea banaka jokatzera… Taldearen babesa falta da. Aurrera egin ala ez erabakitzeko momentua da justu 15-16 urte bitarte horretan, lagunekin-eta harreman indartsuak daudenean… eta ez da batere erraza. Pilotan ikasteko ibili egin behar da eta kalean, lagunekin-eta ibiltzeko ez da horren kirol erraza. Etxetik ere asko lagundu behar zaie partidetara joaten-eta. Ez da gauza bera taldean joatea edo banaka joatea.
- Zenbat txapelketatan gailendu da herrikoren bat? 
- Gipuzkoan lau maila daude eta gu lehen mailan gaude; orain bi urte ohorezko mailan ere izan ginen. Orain, berriz, geratu dira ohorezkora igotzeko finalerdien atarian.  
- Zuk zeuk zenbat txapelketa dituzu irabazita?
- 30 baino gehiago. Hemendik kanpoko lehen trofeoa 2000.urtekoa-edo da. Irabazi nuen lehen txapela, berriz, Gipuzkoa mailakoa izan zen. Ander de Luisekin irabazi nuen, 1999an.  
- Zu zeu zergatik zara pilotari?
- Gustura joaten nintzen pilotara, lagun talde on bat egin genuen: Josu Unanue, Jon Varela, Beñat Catalan, Ander de Luis…Ikusten genuen kanpora irtenda ere maila bageneukala. Jarraitu egin nuen  eta gaur arte. 
- Baina txirrindulari ere izan zinen, ala?

"Amak pilotan ondo eta maila onean ikusten ninduen eta animatu ninduen pilotan jarraitzera"


- Gustatu egiten zitzaidan, tio ere ibili zenez… Amari galdetu nion ea pilota laga eta txirrindularitzan hasi ahal nuen baina bideratu ninduen pilotara. Pilotan ondo eta maila onean ikusten ninduen eta animatu ninduen pilotan jarraitzera. 
- Osterantzean, zelan ikusten duzu pilotaren egoera?
- Gipuzkoa mailan inoiz baino osasuntsuago dago. Orain 15 urte nafarrak ziren jaun eta jabe eta azken 8-10 urteotan, berriz, gipuzkoarrak dabiltza goian: Altuna, Rezusta, Irribarria, Artola…Ondorioz, umeak ere ilusioarekin dabiltza eta pilota eskoletan lan oso ona egiten ari dira… Lurralde mailan osasun ona daukala esango nuke. 
- Zergatik datoz hona Arrasateko, Eibarko, Debako, Antzuolako… pilotariak?
- Norbaitek esanda hemen ondo entrenatzen zela, ahoz ahokoa-edo izango da. Etorri ziren eta oso gustura daude, orain arte. 
- Ez da batere erraza pilotari profesional izatea… 

"Oso-oso zaila da pilotari profesional izatea (…) Guztira, asko jota 40 pilotari dira profesional. Bi enpresa daude eta biak pribatuak dira eta eurek nahi dituzten pilotariak hartzen dituzte, ez merituen arabera, baizik eta euren kalkuluen arabera"

- Oso-oso zaila da. Euskal Herri mailan jokatzen da, bakarrik bi enpresa daude, bakoitzak ez ditu ezta 20 pilotari ere izango. Guztira, asko jota 40 pilotari dira profesional. Bi enpresa daude eta biak pribatuak dira eta eurek nahi dituzten pilotariak hartzen dituzte. Ez da merituz lortzen den zerbait, baizik eta euren kalkuluen arabera. Lehen pilotari gehiagok lortzen zuten, gehiago irauten zuten… orain baliteke 18 urterekin debutatzea eta 22-23 urterekin laga eragiten diete…  
- Nesken kasuan?
- Geroz eta neska gehiago daude, afizio handia ari dira sortzen. Zenbat eta gehiago ibili, zenbat eta neska gehiago izan, ba maila hobea izango da, txapelketa gehiago… 
- Hainbatek diote lehengo pilota ikusgarriagoa zela, bizkorragoa…
- Asko telebistak egiten du. Lehen bertara joan beharra zegoen, orain erosoago da etxetik ikustea. Bestalde, kirol abanikoa guztiz zabaldu denez, zaletasuna ez da lehen bezain bestekoa eta pilotariei dagokienez, orain askoz ere gehiago zaintzen da fisikoa. 
- Besterik nahi baduzu gaineratu… 

"Aspaldi da kadete-jubenil mailako pilotariak herrian ez direla egon lehengo indarrarekin"


- Pena ematen dit pilota eskolan 12 urtetik aurrerako hutsune hori egoteak. 6 urterekin hasten dira 12 urtera arte talde polita eta maila onekoa dute baina gero, infantil-kadete mailan lagatzen doaz eta horrek pena ematen du. Aspaldi da kadete-jubenil mailako pilotariak herrian ez direla egon lehengo indarrarekin.