'Elkarbizitzarako bidean' aldarrikapenak zein aurrerapausoak

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 30a, 11:03

Elkarbizitzarako bidean leloarekin, ia 50 lagun elkartu ziren Plaza Berrian euskal presoen eskubideak defendatzeko, joan den barikuan. Besteak beste, jakinarazi zuten Soraluzen ere bat egin dutela Biba Ardoak kooperatibak eta Etxerat Elkarteak presoen alde abiarazitako elkartasun ekimenarekin. Gaur da eskaerak egiteko azken eguna. Bestalde, presoei harrerak “era pribatuan” egiteko nahia partekatu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.

Presoen senideek eta lagunek “asteburuero sufritzen duten dispertsioaren gastu ekonomikoei aurre egitea” da Biba Ardoak ekimenaren helburua. “Dispertsioak eragiten dituen gastuak handiak dira eta gure ale txiki bakoitza beharrezkoa da egoera zailari aurre egiteko”, diote ekimenaren bultzatzaileek.

Barikuko elkarretaratzearen bueltan ipini zuten mahaia ekimenaren berri emateko eta bertan jakinarazi zutenez, eskaera egiteko 2 modu daude:

Besteen sufrimendua ere aitortu

Bestalde, gaur Berria eta Gara egunkariek kaleratu dutenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiria plazaratu du eskatzeko aurrerantzean, kartzelatik irtetean egiten zaizkien “harrerak hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan jaso” nahi dituztela. 

Agirian gaineratu dute, besteak beste, “ulertzen” dutela “iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak minduta sentitu daitezkeela” halako ekitaldiengatik: “Urte luzez eta baldintza ezin gogorragoetan kartzelan egon den presoak kalera irtetean hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea duela onartu arren, harrera-ekitaldi publikoek mina eragiten dietela adierazi dute”.

“Argi” esan dute euren “gogoa dela sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea”. Eta horregatik adierazi dute “egoki irizten” diotela aske geratzearen poza “espetxe atarian” zain dituztenekin elkartzean edo era diskretuan hartzen dituztenekin partekatzea.

Hori horrela,  “aurrerantzean, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jaso nahi” dituztela azpimarratu dute. “Erabaki hau euskal preso politikook bizikidetzari, bakeari eta gurea eta gure senideena ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari egiten diogun ekarpen indibidual eta kolektiboa da”.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

Hona hemen agiria osorik irakurgai, Berriatik hartuta:

Agiri honen bidez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) gure senide, lagun eta kideei eta euskal gizarteari adierazten diegu kaleratzean egiten zaizkigun harrerak hurkoen artean eta era pribatu eta diskretuan jaso nahi ditugula aurrerantzean, orokorrean azken hilabeteetan hasia den bidetik jarraituz.

Hainbat eragile eta alderdik bizikidetzaren ordez konfrontazioa bilatzen dute arduragabeki. Ez dugu inondik inora polemika antzurik elikatu nahi; arduratsu izateko eta modu eraikitzailean jokatzeko borondatea dugu. Ez dugu amore emango hartutako bidean jarraitzeko orduan; jokabide ezkorrenetan eroso sentitzen direnen aitzakiak gero eta nabarmenago geratzen ari dira euskal jendartean, beraien eragina itzaltzen joan den heinean batez ere.

Aurten bete dira hamar urte borroka armatua behin betiko alde batera geratu zenetik. Bakea galarazi eta inposizioa betikotu nahi dutenek, baina, aurrerapauso bakoitza blokeatu edo sabotatu nahi izan dute ordutik, mendekua bilatuz eta gatazka desitxuratuko lukeen kontakizun iruzurtia inposatu gogoz. Garaile eta garaituen errelatoa elikatuz.

Badira, harago, ongietorri publikoen harira samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak. Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu. Urte luzez eta baldintza ezin gogorragoetan kartzelan egon den presoak kalera irtetean hurkoen besarkada jasotzeko eskubidea duela onartu arren, harrera-ekitaldi publikoek mina eragiten dietela adierazi dute. Argi esaten dugu gure gogoa dela sufrimendu oro arintzea eta aukera berriak zabaltzea, zauriak sendabidean jartzea eta euskal herritarren artean elkarbizitza sendotzea.

Beraz, Espainiar eta Frantziar Estatuetako espetxeetan dauden gure kideen artean kontsulta egin ondoren, EPPK-k, lehendik abiatutako beste urrats eta hartutako erabaki batzuei jarraipena emanez, egoki irizten dio aske geratzearen gure poza espetxe atarian zain ditugunekin elkartzean edota era diskretuan hartzen gaituztenekin partekatzeari. Aurrerantzean, harrerak soilik hurkoen giroko esparru pribatuan jaso nahi ditugu.

Erabaki hau euskal preso politikook bizikidetzari, bakeari eta gurea eta gure senideena ez ezik besteen sufrimendua ere aitortzeari egiten diogun ekarpen indibidual eta kolektiboa da.

Azken urteotan egindako urratsek ortzi-muga argia izan dute aurreko zikloa gainditzeko bidean. Gure nahia hori dela adierazten diegu ezkerreko militante independentistei; haiekin batera goaz geu ere, etorkizuneko erronkari helduz, Euskal Herriaren askapen prozesuan bide eta aukera berriak irekitzera. Bakea eta askatasuna lortu eta maila berean ezarri arte.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2021eko azaroan EPPK (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa)

Euskal presoak eta iheslariak etxera! Amnistia! Independentzia!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.