"Lau urte entrenatzen ibili ostean 'amets' bat egi bilakatzea izan da hau" Mouad Hina

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 26a, 17:56

Azaroaren 20an, Bilboko K1SLAM ekitaldian parte hartzeko aukera izan zuen Mouad Hina Ben-Sellam (2000, Soraluze) gazteak. Kickboxing eta K1eko ekitaldi bat da K1SLAM eta Hina soraluzetarrak diziplina horretan debutatu egin zuen Bilboko La Casillako hitzorduan. Argazkiak: Mouad Hina Ben-Sellam

- Zer da K1SLAM ekitaldia, Kickboxing txapelketa bat?
K1Slam urtero ospatzen den K1 ekitaldi bat da. Kickboxing-ean ez bezala honetan belauna erabiltzeko aukera duzu. Hala ere, jardunaldi honetan Kickboxing modalitatea ere praktikan jartzen da. Aurtengoa, COVID-19 pandemia dela eta, bi urteren ostean lehena izan da.
- Zein da ekitaldi horren funtzionamendua?
Antolatzaileak MFC Championship, Elitesport eta K1Slam dira. Ekitaldian, amateur eta profesional mailako borrokalariek parte hartzen dute, pisu desberdinetako mailak daude, beraz, bezperan pisaketa egin ziguten Sopelanako Indians Pubean, baita mediku probak egin ere.
- Zelatan parte hartu zenuen?

"Prestaketa Jorge Hurtado eta Haritz Marinekin egin nuen"

-Gonbidapen baten bitartez iritsi nintzen, Eibarren 2017tik entrenatzen egon ostean, Gerlari Team (Iurreta, Dantzari Kalea) izeneko gimnasiora joaten hasi nintzen orain dela gutxi eta horren bitartez jaso dut aukera hau. Prestaketa Jorge Hurtado eta Haritz Marinekin egin nuen.
- Zuk zein modalitatetan parte hartu zenuen? 

"Ezin izan nuen garaipena lortu, baina oso aberasgarria izan da eta ingurukoengandik jasotako laguntasuna izugarrizkoa izan da"


Nik normalean kickboxing-a entrenatu arren, K1 modalitatean jardun nintzen. Borroka bat izan zen, hau da 2 minutuko 3 'Round'. Esan beharra dago, hasieran oso urduri igo nintzela 'ring'era, nire debuta baitzen, baina hasi orduko lasaitu eta asko disfrutatu nuen, azkenean 4 urte entrenatzen ibili ostean 'amets' bat egi bilakatzea izan da hau. Izugarrizko aukera izan da niretzat, bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman nuen, nahiz eta esperientzia handiagoko lehiakide baten aurka izan. Kanpotik erraz ikusten da baina guzti horren atzean lan fisiko eta emozional oso handia dago. Ezin izan nuen garaipena lortu, baina oso aberasgarria izan da eta ingurukoengandik jasotako laguntasuna izugarrizkoa izan da, bai lagunen aldetik baita familiakoen aldetik ere. Azken finean prozesu horretako zati garrantzitsu bat bertan parte hartzen duen jendea da, hobetzera bultzatzen zaituztenak, beraz, ezin ditut beraiek eta nire entrenatzaileak aipatu gabe utzi. 

- K1SLAM-en parte hartu ondoren, baduzu buruan beste txapelketaren / erronkaren bat? 
Bai, abenduaren 18an MASL izeneko K1 ekitaldian parte hartuko dut, Madrilen, baina oraindik ez dugu informazio askorik. Ondoren, urtarrilean, Bilbon Euskadiko Txapelketara joateko aukera ere izango dut.
- Oraingoz kirol hori zer da, zaletasuna? 

"Kirol oso polita izateaz gain, egunerokotasuneko arazoak beste era batera ikusten lagundu dit"

Bai, oraingoz nire denbora libreak aprobetxatzen ditut praktikatzeko. Kirol oso polita izateaz gain, egunerokotasuneko arazoak beste era batera ikusten lagundu dit. Amets bat izango zen zaletasun honetaz bizitzea baina oso zaila eta gogorra da. 
- Besterik nahi baduzu gaineratu...
 Kickboxing, K1, boxeoa... eta bestelako kontaktuzko kirolak praktikatzera bultzatzen dut jendea. Askotan ez dugu horietaz gauza handirik entzuten baina benetan aberasgarriak izan daitezke.