Euskaraldiaren hirugarren aldia, 'Hitzez ekiteko garaia', 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra

Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 08:00
Iruñean aurkeztu dute hirugarren edizioa.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa Hitzez ekiteko garaia lemapean. Zapatu eguerdian Iruñean egindako aurkezpenean nabarmendu zutenez, 2022an hitza eta ekintza eskutik joango dira: "Euskaltzaleon urtea izan behar du 2022ak, hitzen eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatu eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea".

Euskaraldiaren lehen bi edizioetan jasotako ondorioak oinarri hartuta, antolatzaileek azken hilabeteotan hurrengo Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu dituzte. Zapatuko ekitaldian azaldu zutenez, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak hartuko dute lehentasun.

Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020 urtean, eta hurrengo urtea izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.

Hurrengoa "mugarri" izango den esperantza

Antolatzaileen arabera, pandemiaren eragina "nabarmena" izan zen 2020ko azaroan eta abenduan egindako Euskaraldiaren bigarren edizioan. Gerora ere, euskararen gizarteratzean eta kale presentzian eragin hori luzatu egin da. Hori dela eta, hurrengo Euskaraldia mugarria izatea da helburua: batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten.

Euskararen inguruko ekimenek protagonismoa izango dute 2022. urtean, asteon aurkeztu den 22. Korrikarekin batera: "Urte garrantzitsua izango da herriz herri antolatutako euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko".