Eginda dago kalistenia parkea

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 20a, 09:03

Atzo, barikua, kendu zuten kalistenia parkeko obra inguratzen zuen hesia. Horrenbestez, dagoeneko erabil daitezke Txurrukeneko parke berriaren elementuak ariketa fisikoa egiteko. Kartel batean daude adierazita parkearen erabilera irizpideak, bertan. Udalak 17.406 euro bideratu ditu parke berria egokitzeko.

Atzo, parke berriaren obra inguratzen zuen hesia kendu eta gutxira estreinatu zuten hainbatek herriko lehen kalistenia parkea. Guztira, 90,23 metro koadro hartu ditu Txurrukenen egokituko duten kirol esparru berriak.

Berde eta hori koloredun kautxuzko zorua du eta ariketa fisikoa egiteko, berriz, honako elementuak: horma-barrak, barra bertikala, uztaiak, eskalatzekoa, sigi-saga egitekoa, brakiatzailea, dantza-barra, kristo eta dominatuak, bi barra finko, moxal bikoitza eta abdominalak egiteko bankua.

17.406 euroko aurrekontuarekin, Agapito Urban Industries S.L. enpresak egin ditu lanak.