XXXI. Euskal Herriko Hiru Txirloko txapeldun Aitziber Olaizola oso pozik dago txapela irabaztearren.
Garaipenarengatik, noski, baina baita ere ondo borrokatutako txapela eraman duelako etxera. San Migel taldeko kideak kontatu duenez, gainera, txarto hasi zuen txapelketa, lehen bolatokian hiru kale eginez. “Baina San Andresen zazpi jo nituen eta lehena atera nuen”.
Hortxe ikusi zuen Olaizolak irabazteko aukera zuela.
Hirugarren tiraldian, Markina-Xemeingoan, 5 bota zituen. Hala ere, sailkapen orokorreko lehena sei txirloko aldearekin zuen eta beste 5 bolari ere aurretik zituen.
Bi desenpate
“Baina aurrekoek gutxi jo zuten eta gora iritsi nintzen, Azpeitin (txapelketako laugarren eta azken tiraldia) 9 botata. Hiru tiralditan hirurak bota nituen. Lehen postuan jarri nintzen. Azken tiraldian, nire aurretik botata zutenak, zeuden bi bolari 20 txirlorekin eta beste bat 21ekin. Eta ni botatzeko nengoen. Nire taldekoek barrezka esaten zuten: 9 botatzen badituzu, iristen zara. Eta 3 bota nituen, gero 6 eta azkenean 9ak.
Desenpatea egin behar izan genuen Azpeitian bertan, ze geunden bost pertsona 9 txirlo botata. Baina Azpeitiko desenpatean bosgarren gelditu nintzen, txarto bota nuen-eta. Horrela, Azpeitiko jarduna bukatutzat eman zen.
Baina Azpeitikoa txapelketako azken bolatokia zenez, sailkapen nagusia erabakitzeko beste desenpate bat egin behar izan genuen. Bi lagun geunden berdinduta, Oier Azumendi eta biok. Berak bota zuen lehenengo eta lehenengoan hirukoa egin zuen; bigarrenean, bikoa. Bost, guztira. Denak zeuden geldi niri begira, behin kale eginda ya kalean nengoen. Lehena bota nuen eta hiru, eta bigarrena bota nuen eta hor ere hiru. Eta halaxe irabazi nuen”.
Bihar Lehendakari saria
Olaizolak 25 urte daramatza txirlotan lehiatzen eta 30 urte txirlo lehiaketak ikusten. Senar Angel Ibarluzearengandik datorkio zaletasuna. Euskal Herriko txapelaz gainera, beste bi ere baditu irabazita, bata 1998an, Untzillan (Aramaio) eta bestea 2001ean, San Roke auzoan (Elgoibar).
Bihar, zapatua, berriz, Lehendakari saria jokatuko du. Baina horri ez dio horrenbesteko garrantzirik ematen, Euskal Herrikoa da-eta pisua duena, irabazteko zailena. “Aktuazio ona egin nahi dut, baina irabazteari ez diot garrantzirik ematen. Euskal Herriko txapela da zaila. 70 bolaritik gora ibiltzen gara normalean. Azpeitikoan, 73 bolari. San Andresko tiraldian, 71”.
Sari ugari
Olaizola Euskal Herriko txapelduna izateaz gainera, bikoteka ere lehen saria eskuratu du senarrarekin bikote eginda, Gipuzkoako onenaren saria eman diote eta emakumezkoena ere irabazi du. Taldeka, berriz, bigarren saria atera du.
Garaikurrez beteta bueltatu da, bada, etxera, baina hori ez da nobedadea berarendako. “Urtero ekartzen ditugu asko. Senarra ez bada, semeren bat edo taldea…”. Adibidez, behin, Eibarko Udalak 500 euroko saria ipini zuen Asola-Berri elkartearen urteurrenaren harira antolatutako txirlo txapelketan eta hori nire seme Julen Ibarluzeak atera zuen”.
Herriguneetan ipintzea da gakoa
Hiru txirloei buruz galdetuta, berriz, Olaizolak uste du denborarekin galdu egingo dela. Geroago eta gazte gutxiagok parte hartzen du eta bolatokirik ez dago herriguneetan, nekazaritza-auzoetan, baizik. Horrek nabarmen zailtzen du zaletasunari eustea. Adibide modura, txapeldunak berak ere ez du entrenatzen tiraldien aurretik, bolatokira ezin delako joan, baserri-auzoan dagoelako hura. Ildo beretik uste du asko lagunduko zukeela bolatokiak herriguneetan egongo balira.