Behobia-Donostia lasterketa bertan behera laga behar izan zuen Muñozek, “pena handiz”

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 16a, 19:24

Jokin Muñoz Behobia-Donostia lasterketan, domekan. Argazkiak: Irati Iñurrieta.

Behobia-Donostia lasterketaren erdialdera, gorputzaldi txarra sentitu eta DYAko zerbitzu medikuetan bukatu zuen Jokin Muñoz korrikalariak domekan. Aitortu du “pena handiz” dagoela hori egin behar izanagatik, baina gaineratu du “horrelakoetan ere jakin egin” behar dela “gorputzari entzuten eta sasoiz karrera itxi”.

Domekan, “gogo handiarekin” joan zen Jokin Muñoz korrikalaria Behobia-Donostia egitera, “Valentziako maratoia buru-belarri preparatzen nago eta lasterketa honetan nire buruari konfiantza pixka bat ematea nahi nion hilabete hauetako lan onaren emaitza ikusteko eta bitartean buruari motibazio eta konfiantza emateko asmoz, azken txanpa honetan”, esplikatu du.

"Indarrak galtzen"

Hasi ere ondo hasi zen dena, giro ederrarekin, jende ezagun askoren artean eta lasterketako bigarren talde handienean sartuta, “sentsazio onak” zituela. Baina, korrikalariak gaineratu duenez, “indarrak galtzen” eta “gorputz eskasa” sentitzen hasi zen eta polikiago joatea erabaki zuen. 

Baina hobetu barik, “gauza kontrara joan zen, indarrik gabe, urdaila zeharo itxita eta mugituta eta gorputz txarrarekin”. Hori ikusita, Muñozek erabaki zuen lasterketa bertan behera laga eta zerbitzu medikuetara joatea. Han esan zioten, seguru aski, digestio-etetea gertatu zitzaiola.

“Pena handiz” bueltatu zen Jokin Muñoz, lasterketa bertan behera utzi behar izan zuelako baina dio ez zegoela “jarraitzeko baldintzetan. Horrelakoetan ere jakin egin behar da gorputzari entzuten eta sasoiz karrera itxi”. 

Zailtasunak zailtasun, hurrengo egunean ya entrenatzen zebilen eta dagoeneko aurrera begira. “Orain buruari txipa aldatzea tokatzen zaio, gorputza guztiz errekuperatuta badago, agian Eibarko Asier Cuevas lasterketan izango naiz”.