Euskaraz izango gara leloa aukeratu du aurten Danobatgroup kooperatiba taldeak Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu ohi duen lehiaketarako. Lehiaketa kooperatiba taldeak lantegiak dituen herrietako herritarrei zuzenduta dago eta, beraz, soraluzetarren parte hartu ahalko dute. Nola? Ondorengo webgunean sartu beharra dago.
Erantzunak Danobatgroupeko webgunean aurkitu ahalko dira. Horretaz gain, industria arloan euskararen erabileran laguntzen duen hitz teknikoz osatutako hiztegia eskura dago. Hiztegian hitz berriren bat sartzeko proposamena egiteko aukera ere ematen du. Azaroaren 30era arteko epea dago lehiaketan parte hartzeko, eta abenduaren 3an erantzun zuzena eman dutenen artean honako sari hau zozketatuko dute: gaua eta gosari ederra bi pertsonarentzat Bizkaiko zuhaitz-etxe baten.
Danobat euskaraz izango da
Danobatgroup industria taldea espezializatuta dago makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan. Danobatgroup kooperatibaz gain, Danobat, Goiti, Soraluce, Goimek, Latz eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea.
Danobatgroupek harreman sare zabala du eta lanerako hizkuntza asko erabili eta kudeatzen ditu. Baina Euskal Herriko lantegietako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin euskara erabiltzeko erabakia hartua du, eta horren adierazgarri dira taldeko kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak eta lortutako Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.
Euskaraz izango gara da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta agertoki hori errealitate bihurtzeko lanean ari da, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan, elkarren arteko harremanetan...
Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroupek.
Aurten, aurreko urteetako bidea jarraituz, Danobatgroupek lantegiak dituen herrietako herritar guztiengana iritsi nahiko luke euskararekiko duen konpromisoa ezagutzera emateko Euskararen Eguneko lehiaketaren bidez.