Non dago mikel?

"Nazio Batuen Erakundeak eskatzen duena besterik ez dugu eskatzen"

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 12a, 17:38

Laura Pego doktorea eta Maialen Lizarralde Baketik Fundazioko kidea.

Atzo, Memoria eta Bizikidetza jardunaldien azken saioan, Estatuak eragindako indarkeriaren biktimak izan ziren hizpide. Mikel Zabalzaren kasutik abiatuta, halako biktimendako egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko bidean eman diren aurrerapausoen eta egiten ari den lanaren berri eman zuen besteak beste, Laura Pego doktoreak. 

Atzo, eguena, 60 herritar baino gehiagok parte hartu zuen Memoria eta Bizikidetza jardunaldien saioan. Tartean izan ziren Baketik Fundazioko Maialen Lizarralde, Iker Aldazabal alkatea eta Unai Larreategi oposizioko burua. 

Lehenengo, Non dago Mikel? dokumentala ikusi zuten. Segidan, kasu horri buruz egin zuen berba Laura Pego Zuzenbidean Doktore eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuan ikertzaileak. Paco Etxeberria forentsea ere bertaratzekoa zen, baina Madrildik zetorren eta ez zen ailegatu solasaldira.

Egia jakin barik hil

Pego doktoreak esplikatu zuen Zabalzaren kasuaren harira, hiru bider itxi zutela kasu hura eta jurista modura sinestezina egiten zaiola gertakari haren instrukzio fasea ez bukatzea eta ahozko epaiketa egin ez izana, bere ustez horretarako nahikoa froga egon badaudelako. 

Adierazi zuen kasu konplikatua dela. Batetik, gaur egun ezin direlako 1985ean erabilitako frogak berriro ere analizatu. 

Bestetik, Zabalza torturatu zutela aitortzen zuten polizien testigantza entzun berriak ezin direlako erabili bere momentuan epaileak baztertu egin zituelako. 

Eta hirugarrenik, dokumentu erreserbatuen desklasifikazioaren bitartez zerbait lortzeko aukera ere zaila delako, Espainiako Gobernuak ez baitu nahi sasoi hartako dokumenturik desklasifikatu. 

“Ea noizbait familia erreklamatzen ari den eta horrenbeste tardatzen ari den justizia iristen zen”, adierazi zuen Pegok, gogora ekarriz, Mikel Zabalzaren ama zein neska-laguna, biak ala biak hil direla hori lortu barik. 

4.113 tortura kasu dokumentatuta

Horren ondoren, Tortura Proiektuari buruz egin zuen berba, 1960tik 2014ra bitartean Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuari buruz, alegia. 50 bat jurista, psikologo eta bestelako adituk dihardute hor lanean, besteak beste, Paco Etxeberriak, Carlos Martin Beristainek eta Laura Pego berak.

Pegok azaldu zuen 2017an aurkeztu zutela egindako txostena. 4.113 tortura eta tratu txar kasu dokumentatu zituzten. 

Pegok gogora ekarri zuen sasoi latzak izan zirela Zabalzaren kasua gertatu zenekoak, adibidez,  1978etik 1985era bitartekoak. 10 egunez egon zitekeen pertsona bat inkomunikatuta poliziaren eskuetan eta oso kasu larriak gertatu ziren orduan, Joseba Arregirena ere bai. 

Aurrerapausoak

Ikusi zuten lanean segitzeko beharra zegoela, jendearengandik eskaera hori jasotzen zutelako. Eta horretan segitzen dute. Zentzu horretan, biktima guztiendako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean azken urteotan eman diren aurrerapausoak azaldu zituen. 

Hiru hito nabarmendu zituen: 107/2012 Euskal Dekretua. EAEn, 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzko 12/2016 Legea eta Estatuko indarkeriaren biktimei erreparazioa emateko lan egiten duen batzordea. 

Tortura kasu gehiago

Ondoren, herritarren galderak erantzun zituen Kriminologia ikertzaileak. 

Adibidez, torturen biktima gehiago egon litezkeen galdetuta, Pegok esan zuen badakitela baietz. Adibidez, uste dute 1960tik 1978ra bitartean kasu asko egon daitezkeela kontatu bakoak, orduko pertsona asko nagusiak direlako, beste batzuk nekatuta daudelako edo hilda. “Askok, orain arte ez diote inori kontatu sufritutako esperientzia hori, horrek eragina duelako euren osasunean, berriro bizitzen baitute esperientzia. (…) Oraindik ez dugu erretratu erreala egin, uste dugu jende asko falta dela”. 

"Aurrera egiten ari gara"

Beste herritar batek, berriz, galdetu zion ea berak ba ote zuen esperantza biktima guztiendako justizia bera lortzeko. Etsipenez egin zion galdera Pegori, eta etsipen horren adibide moduan jarri zuen egunotan Auzitegi Konstituzionalerako izendapenekin gertatzen ari dena. 

Pegok erantzun zion uste duela badaudela arrazoi positiboak justizia horri begira, besteak beste, orain dagoen mobilizazio sozialarengatik. Gogora ekarri zuen orain dela 10-15 urte ia pentsaezina zela torturei eta tratu txarrei buruz berba egitea eta orain aldiz, dekretuak egon ere badaudela. 

“Landu behar dena da mailaz igotzea eta onartu biktima guztiei dagokien eskubidea. Oso zaila da atzera egitea. NBEk eta nazioarteko erakundeek eskatzen dutena besterik ez dugu eskatzen. Nik uste dut aurrera egiten ari garela. Akaso gauza batzuk ez dira lortuko, adibidez, arlo penalarekin lotutakoak, baina aurrera egin daiteke, adibidez, batzordeen bitartez. Mezu positiboa helarazi nahiko nuke: lanean gaude, aurrera goaz, ea lortzen dugun bultzada eta beste erakunde batzuek mugiarazten diren”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.