'Florecica' dokumentala

"Gizonak erail zituzten baina aurrera egin behar izan zutenak emakumeak izan ziren"

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 12a, 11:00

Juan Luis Napal eta Veronica Senosiain. Argazkia: Segunsurja.

Domekan, Florecica dokumentala proiektatuko dute, Herriko Antzokian, 18:00etan. Ikus-entzunezkoak Josefina Lambertoren, faxistek Larragan hil eta bortxatu zuten 14 urteko Maravillas Lambertoren ahizparen bizitza laburbiltzen du. 

Virginia Senosiainek eta Juan Luis Napalek zuzendutako Florecica dokumentalarekin sakonago ezagutarazi nahi izan dute Josefinaren bizitza. 92 urte ditu Josefina Lambertok eta besteak beste, azken urteotan boluntario moduan lan egin du Paris 365 jantoki sozialean eta Nafarroan memoria historikoa berreskuratzearen alde. Domekako proiekziora, Juan Luis Napal eta Virginia Senosiain zuzendariak etorriko dira eta haiekin solasaldia izango da ondoren. 

Zelakoa da ba, Josefina, haren bizitzari buruzko dokumentala egiteko?

"Herritik joan beharra 8 urte zituela, ahizparen bortxaketa, aitaren fusilamendua eta desagerpena… Oraindik ez du aurkitu haren gorpua"

Oso-oso gogorra. Oso-oso txikitatik bizi izandako guztia. Herritik joan beharra 8 urte zituela, ahizparen bortxaketa, aitaren fusilamendua eta desagerpena. Gero urte askoz moja izandako emakumea, horregatik galdu zuen amarekin harremana. Elizak erru asko izan zuen ahizparen eta aitaren erailketetan eta amak oso gaizki hartu zuen alaba moja sartzea. Dokumentalean kontatzen dizkigu esperientzia piloa horri buruz, nola tratatu zuten mojek… eta nola kostatu zitzaion Iruñera iristea eta zelan iritsi denetik bere lana izan den aitaren gorpua aurkitzea. Eta ez du aurkitu eta dio hilko dela eta ez duela aitaren gorpua aurkituko. Baina segitzen du, 92 urte ditu eta segitzen du aitaren eta beste nafar askoren bila. 

Ahizparen gorpua, berriz, bai agertu zen, biluzik soro batean, hankak txakurrek janda, baina gertatu eta berehala agertu zen. Horren harira, nahi dut azpimarratu gorpua aurkitu zutela erdi lurperatuta eta hankak txakurrek jan zizkiotela, baina ez zuten txakurretara bota, askotan esaten duten bezala. Josefinak beti esaten du hori ez zela horrela izan. 

Dagoeneko hainbat plazatan erakutsi duzue ikus-entzunezkoa, zelako harrera izan du?

"Ikusi ondoren, jende asko hurbiltzen zaigu eta kontatu nahi du zer pasatu zaion bere familiari"

Kriston harrera izaten ari da. Gainera, oso gauza politak gertatzen ari zaizkigu. Dokumentala bota eta gero anekdota piloa kontatzen ditugu, jendea hasten da parte hartzen, askotan ordubeteko eta bi orduko debateak sortzen dira. Gero, kalean ere jende asko hurbiltzen zaigu, parte hartu ez dutenak baina nahi dutenak euren eta eta familiaren esperientzia kontatu. Izan ere, balorea eman behar zaio Josefina ausartu dela kontatzen zer pasatu duen, zeintzuk diren errudunak… Hori ikusi ondoren, jende asko hurbiltzen zaigu eta kontatu nahi du zer pasatu zaion bere familiari. Ari da izaten oso-oso esperientzia gogorra baina baita oso-oso aberasgarria ere. 

Entzuten ari zareten kontakizun horiekin zerbait egiten ari zarete?

"Lehen eskuko lekukotasunak ari dira galtzen, orduan, halako bat topatzea zoragarria da"

Bai. Hasi gara grabaketak egiten. Guzti horiek ari dira irteten dokumentalaren proiekzioarengatik. Ari dira asko irteten, eta uste dut oso aberasgarria eta garrantzitsua dela, izan ere, lehen eskuko lekukotasunak ari dira galtzen, orduan, halako bat topatzea zoragarria da. Egia da Euskal Herrian lan handia egiten ari direla memoria historikoaren inguruan elkarte asko eta asko, baina guk ere gure azukre koskorra nahi dugu. Esperientzia oso polita ari da izaten eta aldi berean, oso gogorra.

Florecica dokumentala askorendako eredugarri ere izan daiteke ere, ezta?

Jendea negarrez ateratzen da. Momentu askotan, berriz, jendea barrez lehertzen da, nola kontatzen dituen gauzak-eta, zoragarria da entzutea emakume hau. Esan Nafarroako gobernuko memoria historikoaren arloak sartu duela memoriaren hezkuntza programan, iaz, ikasturte amaieran. Oso pozik gaude. Bi ikastolatan egon da, Altsasukoan eta Lizarrakoan, baina esan Gernikako eta Beasaingo eskola banatan ere egon dela. Oso esperientzia politak eta aberasgarriak izaten ari dira. Etxera joan eta galdetu egiten dute. 

Ikus-entzunezkoaren sinopsiak dio Florecica dela asko sufritu duten emakumeen historia. 

Hori da. Ez da bakarrik Josefinaren historia, baizik eta Josefina bezalako emakume piloarena. Larragan 47 izan ziren fusilatuak, emakume bakarra Maravillas. Nafarroan ez zen gerrarik egon erailketak egon ziren. Eta egia da gizonak erail zituztela, baina aurrera egin behar izan zutenak emakumeak izan ziren. Herrietatik alde egin behar izan zuten, ezer gabe, dena lapurtu zietelako… Emakume askoren historia da. Oraindik segitzen duten senitartekoen gorpuak bilatzen… Bai, emakume askoren historia da. Sufrimendu askorekin aurrera egin duten emakumeen historiari bisibilitatea eman nahi izan diogu.

Orain beste zer proiektu dituzue buruan?

Proiektu askorekin gabiltza. Segunsurja gure ekoiztetxeak beti nahi izan du egin emakumearen inguruko lana egitea. Horretan gabiz, oso pozik. Uste dugu, adibidez, Memoria Historiko ere ari dela bihurtzen Trantsiziotik honakoa. Horri buruz, errelato bakarra gelditzen ari da eta uste dut guk ere euskaldunon eta emakumeen historia kontatu behar dela. Zoritxarrez, emakumeek beti sufritzen dute gehiago. Uste dugu emakumeei ahotsa eman behar zaiela eta horretan gabiltza.  Txilera ere joango gara emakume borrokalarien inguruko dokumentala egitera… Oso pozik, oso lanpetuta baina oso pozik. 


Domekara begira, zer esango zenieke soraluzetarrei?

"Negarrez aterako dira, pozik, triste, baina zerbait aberasgarria izango da"

Animatzeko. Gu lekuetara joaten garenean gustatzen zaigu han gertatutakoa jakitea, hori galdetzea. Oso desberdina da Nafarroan gertatu zena edo Gipuzkoan gertatu zena edo Bizkaian gertatu zena. Gustatzen zaigu galdetzea eta guri kontatzea. Dokumentalari buruz, berriz, 50 minutu ditu. Askotan esaten digute segituko luketela beste bi orduz emakume hau entzuten. Esango diet negarrez aterako direla, pozik, triste, baina zerbait aberasgarria izango dela. Animatu joatera eta sortzen den solasaldian parte hartzera. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.