Manolo Ortega Oyonarte (Madrid, 1957) margolari eta arkitektoa da, eta ezaguna da bere obra plastiko garaikidearengatik. Izan ere, bere margolanak ikusgai daude hainbat herrialdetako galeria eta erakusketa gunetan. Manolo Oyonarte du izen artistikoa: “Amaren abizena hartu nuen aita ere, Manuel Ortega, pintorea zelako eta izenarekin nahasterik ez sortzeko”. Oyonarte, euskal jatorriko abizena, Ipar Euskal Herritik datorkio, amaren aldetiko arbasoak bertakoak baitzituen, “aspaldi Madrilera joan zirenak bizi izatera”.
Ibilbide luzeko margolaria
Oyonartek hogeita hamar urte baino gehiago daramatza pintura munduan. “Nik betidanik pintatu izan dut. Nire aita pintorea zen, aitona idazlea zen eta amak ere arte ederrak egin zituen. Nik arkitektura ikasi nuen eta libre nituen momentu apurretan, niretzako pintatzen nuen, aitaren estiloan. Behin Rafael Macarron galerista etorri zen aitaren lanak ikustera eta hartan, nire margolanak ikusi eta proposatu zigun erakusketa bat egitea. Momentu horretan hasi zen dena”.
Harrezkero bere margotzeko moduan bilakaera luzea izan du: “Hasieran lantzen nuen espresionismo germaniar koloretsu bat, oso ‘bestia’, ateratzen zitzaidan moduan. Gero, buelta batzuk eman eta intelektualizatu egin nuen nire lana, zertxobait hoztu ere bai… Pixkat geometrikoagoa, abstraktuagoa… Eta hortik aurrera, jo batera eta jo bestera ibili naiz. Nire lan egiteko modua beti izan da sorpresa bilatzea; egiten dakidanari laga eta harritzen nauten lanei heltzea”.
Azken erakusketa figuratiboa Soraluzen
Oreka Arten aurkezten dituen lanak, 2018tik 2021eko urte hasierara bitartean margotutakoak dira: “Estilo figuratiboan egin ditudan azkenengo lanak dira. Pertsonaiak, zenbakiak, zeinuak, sinboloak… dena magma zuri moduko baten flotatzen. Garai horretan kosmosa zuria zela pentsatzen nuen. Gero badira, fondo gorria dutenak ere, aurten margotutakoak. Momentu honetan, berriz, margotzen dihardudana zeharo abstraktua da, ze iada ez ditut ikusten aipatutako elementu horiek. Beraz, esan liteke hau dela nire lan figuratiboari dagokion azken erakusketa handia. Figuratiboa kakotx artean, noski”.
Artearen merkatu “zoroa”
Laster, Oyonartek erakusketa handi bat egingo du Mexiko DFn eta hilabeteotan hura prestatzeko lanetan murgilduta dihardu buru-belarri. Horren harira, artearen merkatu “zoroa” ere aipatu du. “Artearen merkatu zoro hau, zeina oso mendekoa den mundu anglosagoiarekiko… Eta anglosajoiak nahiko piratak dira... Tira, niri nahiko ongi doakit eta ez naiz kexatuko baina… 2008ko krisiaz geroztik aberastasunaren banaketa asko ari da erradikalizatzen; aberatsak askoz aberatsago dira eta probreak askoz pobreago, eta, ondorioz, arte galeria handiak geroz eta hobeto doaz, inbertsio fondoek artean inbertitzen dutelako, baina benetan artea erosten zuten apasionatuek; medikuek, dentistek, arkitektuek… Ez dute krisiaren aurretik zuten erosahalmenik eta horrek asko murriztu artearen merkatua. Azkenean, gelditu da merkatu supraelitista bat inoiz baino diru gehiago mugitzen duena eta gainerako guztia hor gelditu da noraezean. Horixe da neoliberalismoak eragin duena. Nik tesi bat egin behar izan nuen ulertzeko zein zen arrazoia nire ustez inongo baliorik ez zuten margolanek milioika euro balio izateko. Artearen merkatuan kriterioa presio talde batek markatzen du, eta kitto”.
Bestalde, Oyonartek azaldu duenez, erakusketaren izenburua tesi horretan ateratako ondorio bati lotua dago. “Nire ustez artea sortzen da gizakiaren alde prekulturaletik, alde instintibotik, arrazoitik eta sentimenduetatik baino gehiago, eta, ondorioz, ikusleari ere alde horretatik eragiten dio. Eta, hain zuzen, momentu horretan gertatzen dena da pentsaezina pentsatzea”.