Jokin Muñoz hirugarren, Deban

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 9a, 08:28

Zapatuan, Debako VIII.Manuel Mateos lasterketan hirugarren helmugaratu zen Jokin Muñoz korrikalari soraluzetarra. Ehun lagun pasa lehiatu zen lasterketan eta “emaitzarekin oso pozik” dago Muñoz. Hala ere, Muñozek azaldu du Valentziako maratoiko bere marka ontzea duela aurtengo denboraldi amaierako helburua eta horri begira dabilela buru-belarri lanean. Argazkiak: Irati Iñurrieta.

Debako lasterketari dagokionez, Soraluzen bizi den mendaroarrak kontatu du “arin” joan zela lasterketa. Hasieran, bosteko taldea sortu zela baina lasterketak aurrera egin ahala, taldea apurtu egin zela eta lasterketan bigarren egin zuenarekin gauzatu zuela ibilbidea, podiumean hirugarren lekua eskuratuz.

Osterantzean, aste honetako domekara begira dihardu Muñozek, Behobia-Donostia lasterketara begira, horixe izango baita aurtengo bere erronka nagusiaren aurreko azken lasterketa. Izan ere, abuztutik buru-belarri dabil Valentziako maratoia prestatzen eta hura buruan lehiatzen da gainerako lasterketetan zein egiten ditu asteko entrenamenduak.

"Astea 120 kilometro eginez bukatzen det"

Halaxe kontatu du Jokin Muñozek berak; besteak beste, jakinarazi du astean 120 kilometro egiten dituela korrika, Valentziako maratoiko prestaketaren baitan:

“Abuztuaren 2xan Valentziako maratoiko prestaketa hasi nuan; prestaketa honetan hainbat lasterketa sartzen dittut eta horietako bat Debakua zan. 

Hilabete eskas gelditzen danian maratoirako, nere asterik gogorrenaren bukaeran Debako lasterketako helburua korrika azkar itxia zan hurrengo eguneko bi orduko errodajerako nekia sortzia zan, beraz banekien hankak ez nituela fresko edukiko baina al dan azkarren korrika itxia tokatzen jatan; gainera lasterketa mota horietarako ez det entrenatzen eta lasterketa motzetako korrikalarien abiadura ez dakat.

Lasterketa (Debakoa) arin atera zan. Hasieran bosteko grupotxo bat egin zan baina karrera aurrera joan ahala puskatzen joan zan eta karrera erdian, lehenak hamar bat segundu ateratzen zigun eta nik bigarrenarekin egin nuan ixa lasterketa dana baina berak beste abiadura bat zaukan eta azkenian hirugarren geldittu nintzan.

Lasterketa txukun eta azkarra atera jatan. Emaitzarekin oso pozik nago baina astean burututako entrenuekin gelditzen naiz. Gaur (domekan) 33 kilometro egin ditttut atzoko neke puntuarekin eta astea 120 kilometro eginez bukatzen det.

Hurrengo eta azken lasterketa, maratoira jun aurretik, Behobia izango da”.