Iban Zaldua: "Iruditzen zait presa handia dugula historiaren orrialde hau pasatzeko"

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 8a, 17:16

Iban Zaldua idazlea. Argazkia: Iban Zaldua.

Bihar, martitzena, Literatura eta gure gatazka: nola laguntzen digu literaturak Euskal Herriko egungo gogoetan? izenburua duen mahai-ingurua egingo dute Memoria eta Bizikidetza Jardunaldien baitan, 19:00etan Herriko Antzokian. Mahai-inguruko solaskide izango dira Irati Goikoetxea eta Iban Zaldua idazleak. Azken horrek, besteak beste, uste du edozein arte motak -ona bada- "lagun dezakeela bestearen lekuan jartzen, enpatia garatzen, ikuspegien aniztasuna zabaltzen eta, zer esanik ez, memoria eraikitzen".

Zein gogoeta aztertuko duzue Soraluzeko solasaldian? 

Nik, ulertu dudanagatik, literaturak euskal gatazkaren errealitatera hurbiltzeko orduan izan duen garrantziaz eta paperaz eztabaidatuko dugu. Eta hor, jakina, askotariko alderdiak jorratu daitezke: ze ekarpen egiten dion gatazkaren gogoratzeari, bizikidetza hobetzeari, mina kudeatzeri...

Eta zein aspektutan lagun dezake literaturak gogoeta horretan? Zertan lagun dezake? Zergatik?

Nik uste dut literaturak, eta beste arteek berdin (komikigintzak, zinemak edo telesailek, arte plastikoek...), ona bada, lagun dezakeela bestearen lekuan jartzen, enpatia garatzen, ikuspegien aniztasuna zabaltzen eta, zer esanik ez, memoria eraikitzen. Historialariek, soziologoek, kazetariek eta bestelako adituek egiten dutenaren osagarri bezala, sikiera.

Zure ikuspuntutik, zein literatura, liburu dira gomendagarriak zentzu horretan?

"Ramon Saizarbitoriaren eta Jokin Muñozen obra azpimarratuko nuke batez ere"

Asko, dudarik gabe. Espero dut horietako batzuk aipatu ahal izango ditugula mahai-inguruan. Fikziozko narratiban zentratuta, hori baita nik menderatzen dudan alorra, irakurle bezala, Ramon Saizarbitoriaren eta Jokin Muñozen obra azpimarratuko nuke batez ere, askoz ere gehiago dauden arren. Izan ere, egun gaiaren inguruko literatur produkzioaren boom txiki moduko bat bizitzen ari garela esango nuke...

Zuk zeuk ere idatzi duzu gaiari buruz, ezta? Zelako harrera eskuratu duzu? 

Bai, idatzi dut kontuaz, nire liburu ia guztietan egiten diot erreferentzia gaiari, ipuin gehiagoetan edo gutxiagoetan. Baina ez nuke jakingo zehazten ze harrera izan duten ipuinok. Irakurle fidel gutxi batzuk eskuratu ditut, eta uste dut estimuan dutela nire ekoizpenaren alderdi hori (ez baitut soilik euskal gatazkaz idazten, bistan denez). Baina hortik aurrera irakurleek hitz egin beharko lukete, ez nik. Nik esan dezakedan gauza bakarra da gaira hurbiltzen saiatu naizela errespetuz eta manikeoa izateko asmorik batere gabe, lortu dudan ez dakidan arren.

Uste duzu ETAren jardueraren etetearen ondoren jaiotako belaunaldiei (edo gertukoei) ez zaiela transmititzen ari gatazkaren berri? 

Oro har iruditzen zait presa handia dugula historiaren orrialde hau pasatzeko, ze egia da gizarte bezala ez gaituela oso leku onean uzten, maiz. Eta, alde horretatik, transmisio horretan huts egiten ari garela. Ez nau ere gehiegi harritzen, ze euskaldunon arteko aurreko gatazketan ez dut uste nik ere arrakasta handirik izan genuenik, herri bezala, alor horretan: karlistadetan pentsatzen ari naiz, edo Gerra Zibilean, zeinaren ostean, begien bistako arrazoiengatik, isiltasun mota bat ezarri baitzen. Orain, berez, egoera hobean geundeke transmisio hori argiro eta askotariko bideetatik egiteko, baina ez dakit lortzen ari garen...

Horrek zein kalte egin diezaioke etorkizuneko bizikidetzari?

"Uste dut gauza batzuk ezin direla ahaztu, inportanteak izan direlako, eta herritar bezala, gizarte bezala interpelatzen gaituztelako"

Espero dezagun handiegia ez izatea. Ez dut gehiegi sinesten adagio horretan, dioena historiaren lezioak ahaztuz gero akatsak errepikatzera kondenatuta geundekeela. Ez baitut uste historia errepikatu daitekeenik inola ere, paralelismo batzuk existitu daitezkeen arren. Baina bai uste dut gauza batzuk ezin direla ahaztu, inportanteak izan direlako, eta herritar bezala, gizarte bezala interpelatzen gaituztelako, eta gure egungo gizartea haien emaitza delako. Gerra Zibila edo industrializazioa ahaztu behar ez ditugun bezala, euskal gatazka delakoa ez genuke horren erraz ahaztu behar.

Soraluzeko solasaldian langai izango duzue literatura orokorrean, euskal literatura edo euskarazko literatura?

Nire ezagutza batez ere euskarazko literaturarena da, hor egin dezaket nik ekarpen handiena, uste dut. Baina auskalo nondik joko duen eztabaidak, hori dute on mahai-inguruek, ezin direla planifikatu, eta adar askotatik jo dezaketela...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.