Harrabotsa eragin zuen eskolako patioa arratsaldeetan ixtearen erabakiak. Hainbat gurasoren kexua tarteko, gaia Udalean, gazteria prozesuaren baitan aztertu zuten joan den astean eta erabaki zuten espazioa berriro ere zabaltzea, alkateak jakinarazi duenez.
Hori horrela, gaurtik aurrera, astelehenetik barikura 20:00ak arte eta zapatuetan 19:00ak arte, zabalik izango da eskolako patioa, nahi duenak erabil dezan.
Kamerak
Zaintza-kamerei dagokienez, berriz, haiek ezartzearen alde hartutako erabakiak ere eragin zuen hainbat gurasoren desadostasuna. Kasu honetan, bi arrazoirengatik; batetik, erabaki hori Eskola Kontseiluak hartu duelako eta ez “herritar guztiok”, guraso horiek dioten moduan, eta, bestetik, eskolako patioa adin txikikoen gunea delako.
Bada, kamerei dagokienez, datozen asteotan ipiniko dituzte patioan; eskolak eta Udalak erdibana ordainduko dute haien kostua. Kameren eta intimitatearen harira sortutako kezka dela-eta, berriz, Aldazabal alkateak gogora ekarri du mota horretako kameretan grabatutakoa bakarrik ikusten dela inguruan zerbait gertatu bada, bestela, irudiak ikusi ere ez direla egiten eta denbora batera borratu egiten direla.