Alkate jaunari;
Badira aste batzuk Herri Eskola gaineko parkea erabiltzen hasi garena, gune egokia baita haurrekin egoteko eta hauek aske ibil daitezen bestelako arriskurik gabe. Urriaren 20an, bertara gindoazela atea itxita aurkitu genuen, nahiz eta bertan dagoen kartelak 20:00ak arte zabalik behar lukeela esan.
Udaltzainei deitu eta alkatearen erabakiz parkea itxita egongo zela esan ziguten. Hurrengo deia alkateari. Honen erantzunaren arabera, “bandalismo” arazoak tarteko eta 50000€-ko inbertsioa egin denez bertan, parkea itxita mantenduko da harik eta bertan zaintza kamerak instalatzen diren arte.
Telefono dei berean bi auzi; i) kamerak instalatzea adin txikikoek erabiliko duten gune batean eta ii) bien bitartean gazte-haurren aisialdirako gune eder bat alkatearen aginduz itxita mantentzea.
I) Gune horretan kamerak jartzea Eskola Kontseiluaren erabakia izan da. Bozkatutakoaren arabera, eskola orduetan kamera horiek itzalita egongo dira eta ordu horietatik kanpo piztuta. Nor da Eskola Kontseilua herritar guztiona den gune batetan kamerak jarri edo ez erabakitzeko?
II) Herrian egiten diren inbertsioak erabiltzeko dira eta ez eskaparate batean giltzapean edukitzeko. Alkatearen erabaki pertsonala izan da, hezkuntza edota haur eta gazte batzordeetatik kanpokoa. Noiz arte jarraituko du itxita?
Hau guztia kontutan hartuta hurrengo eskakizunak helarazi nahi dizkiogu alkateari:
- Herri Eskola gaineko gunea zabaltzea eta “gazteen parte hartze prozesuaren ondorioei” kasu eginaz, egun daukan ordutegia handitzea.
- Zaintza kamerak instalatzearen erabakia atzera botatzea. Erabaki hori herritar guztion artean hartzeko eta ez Eskola Kontseiluak.
- Kamerak ezartzea ez da “bandalismoarekin” amaitzeko bidea. Horretarako lanketa pedagogiko sakonago bat egiteko prozesua zabaltzea.
Besterik gabe adeitasunez.
Ander Elizburu Oregi; Cris Jacas Mateu; Izaro Gerrikagoitia Sarasua