Urakapin berba ufalaren ostean ibai ertzetan gelditzen diren egur eta abar zatitxoak izendatzeko erabili izan da Plazentziako hizkeran (garai batean, etxeko suari emateko batzen ziren). Adibidez, honela:
- Plazentziako berbetan: "Egur-ikatz barik geratu gaittun eta bi mutiko bialdu jittunat urakapinak batzera".
- Euskara batuan: "Egur-ikatz barik gelditu gaitun eta bi mutiko bidali dizkinat ibai ertzeko abartxoak batzera".
Iturria: Ramiro Larrañagaren berba zerrenda.
Iturri osagarriak: Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegiak eta Bergara aldeko hiztegiak jasotzen dute, ez ostera Euskara Batuaren Hiztegiak.
Oharra: 80. hamarkadaren erdialdera Urakapin izeneko kultur talde bat izan zen Soraluzen, urte batzuetan euskal kulturgintzako ekimenak antolatzen jardun zuena. Soraluzeko euskaltzaletasunaren historia. Arianne eta Egoitz Unamuno, EKT graduondokoa (2016.) lan argitaragabean jasotzen dira talde honen jardunaren inguruko zenbait xehetasun.