Izen handiak datoz Memoria eta Bizikidetza Jardunaldien bueltan

Ubane Madera Zangitu 2021ko aza. 3a, 09:01
'Non dago Mikel?' dokumentalaren eszenetako bat.

Datorren astean, Memoria eta Bizikidetza Jardunaldiak izango dira Herriko Antzokian, bi saiorekin. Lehenean, martitzenean, Literatura eta gatazka izenburuarekin, Iban Zaldua eta Irati Goikoetxea idazle ezagunek mahai ingurua egingo dute. Bigarren saioa, berriz, eguenean izango da. Non dago Mikel? dokumentala proiektatuko dute eta ondoren, Paco Etxeberria forentse ezaguna eta Laura Pego doktorea bertaratuko dira.

Soraluzeko Bizikidetza Taldearen eskutik eta Baketik Fundazioarekin egindako elkarlanari esker datoz datorren asteko bi saioak. Lehenengoa martitzenean, azaroaren 9an izango da. 19:00etan hasita, mahai ingurua egingo dute Iban Zaldua eta Irati Goikoetxea idazle ezagunek, honako izenburuarekin: Literatura eta gure gatazka: nola laguntzen digu literaturak Euskal Herriko egungo gogoetan? Mahai-ingurua euskaraz izango da. 

'Non dago Mikel?'

Bigarren saioa, berriz, azaroaren 11n, eguena, izango da. Kasu horretan, Zineforuma izango da. Batetik, Non dago Mikel? izenburua duen dokumentala proiektatuko dute, 19:00etan hasita. Ondoren, 20:00etan, solasaldia izango da Paco Etxeberria Doktore eta auzitegiko antropologia eta biologia adituarekin eta Laura Pego Doktore eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailearekin.  Solasaldia gaztelaniaz izango da.

Dokumentalari dagokionez, Mikel Zabaltzari buruzkoa da, Guardia Zibilak torturatu ondoren hilda azaldu zen autobus gidariari buruzkoa. 

Honakoa da sinopsia: 1985eko azaroa. Guardia Zibilak, terrorismoaren kontrako operazio baten barrenean, Mikel Zabalza atxilotu du, autobuseko gidari gazte bat, beste pertsona batzuekin batera. Gainerako gazteak askatu dituztenean, tortura basatiak jasan izana salatu dute. Baina Mikel falta da. Agintariek ihes egin duela esanik ere, Agintariek ihes egin duela esan duten arren, bizirik aurkitzeko esperantza ahuldu ahala, Euskal Herriko kaleetan oihu bat adituko da gero eta ozenago: “Non dago Mikel?”