4-1 irabazi zuen Sorak

Atzo, zapatua, 4-1 irabazi zuen Sorako gorengo mailako taldeak Antzuolaren kontrako norgehiagoka. Markagailuan alde handia egon arren, atsedenaldira 1-0 galtzen eta emaitza positiborik lortu ezinda iritsi zen etxeko taldea. Baina 2. zatiko 14. minutuan berdinketa lortu zuten Sorakoek eta horren ostean partidari buelta ematen hasi eta beste hiru gol sartu zituzten.

Atzoko partidako lehen minutuak bizkorrak izan ziren; zelaiaren alde batetik bestera ibili ziren Sora zein Antzuola, biak ala biak antzera. Baina, 13. minutuan epaileak Antzuolaren aldeko penaltia seinalatu eta gola sartu zuten bisitariek.

Hortik aurrera, behin eta berriro saiatu zen Sora erasoan, baina Antzuolako jokalariek ondo eutsi zieten eta Sorakoek ez zuten errematerako aukera garbirik lortu. Gainera, Txato min hartuta erretiratu behar izan zen. Oro har, gol aukera gutxi izan zuten bi taldeek eta halaxe iritsi ziren atsedenaldira, Soraren kontrako markagailuarekin.

Partida aldatu

Bigarren zatian lehengoaren antzerako samar zelairatu ziren bi taldeak, biak ere erasoan. Baina Sora trebeago ibili eta 54. minutuan Rolandok partida berdintzea lortu zuen. Gola sartu eta berehala, Sorako entrenatzaileak bi aldaketa egin zituen eta hortik aurrera partida aldatu egin zen. 

Sora bertikalago jokatzen hasi zen, erasoan, aurrelariak, erdilariak eta atzelariak, denak batera aurrera egiteko nahian eta bi minutu eskasera iritsi zen Markel Gilen eskutik bigarren gola, buruz. Hortik aurrera antzuolarren urduritasunak nabaritzen hasi ziren. 

Erasoan segitu

Gainera, irabazten joan arren, erasoan segitu zuen Sorak eta Bienvenue Biok erakutsi ohi duen garrarekin, etengabe presionatzen ibili zen hura eta halako batean, Antzuolako atezainari baloia kentzea lortu eta hirugarren gola egin zuen, 71. minutuan.

Ordurako ya partida Soraren aldeko jarrita zegoela nabarmena zen. Hala ere, lasaitu beharrean, erasoan segitu zuten etxekoek eta 89. minutuan laugarren eta azken gola sartu zuen Aitor Barrutia atzelariak. 

Beste behin, pozik laga zituzten Ezoziko futbol zelaira igo ziren ikusleak.