Marras Irristaketa Taldeko Naia Arana eta Irati Hernandez jokalariak hasi dira euskal selekzioarekin entrenatzen, Estatuko bestelako selekzioen kontra jokatuko duten txapelketari begira. 14 urteko bi hockey jokalariak "ezustean" harrapatu zituen euskal selekzioaren deiak, baina "pozik" onartu eta buru-belarri ari dira lanean. Selekzioarekin hurrengo bi entrenamenduak azaroan dituzte, domeketan.
Txapelketari dagokionez, berriz, abenduko zubian hiruzpalau partida jokatuko dituzte Bilbon. Bi gazteek diotenez, "maila altua dago" euskal selekzioan eta selekzioarekin jokatzea "eurendako pizgarria" dela diote. Bestalde, "eskerrak" eman nahi dizkiote Soraluzeko Marras taldeari.
Talde guztiak abian
Marras Irristaketa Taldeari dagokionez, berriz, hiru mailatako taldeak irailean hasi zuten ikasturtea, lehian ere ari dira. Azaroaren 7an, lagunarteko partidak jokatuko dituzte kiroldegiko frontoian, 10:00etan benjaminek, 11:00etan infantilek eta 12:00etan alebinek, Erriberabeitiko Dragons taldearen kontra.