Produktu mota edo kopuruaren araberako hiru saski mota daude aukeran: saski beltza, Errigoraren klasikoa (55€), saski berdea, ekologikoa (65€), eta saski zuria (75€), berezia. Horiek eskatu edo erosteko, online bidea hobesten da, Errigora.eus webgunearen bitartez, baina horrez gain, zuzeneko 700 salmenta-puntu ere izango dira Euskal Herriko herri ugaritako taberna, denda, ikastola, udaletxe zein euskaltegietan. Soraluzen, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartean, Iratxo Gozodendan edo Arrano tabernan bete daitezke eskuorriak.
%25 euskalgintzara
Udazkeneko kanpaina hau Errigora elkarteak abian jarritako urteroko kanpaina da, AEK, Ikastolen Elkartea edo Sortzen bezalako eragileen babesarekin, besteak beste. Bertan, Nafarroa hegoaldeko 25 ekoizlek landutako elikagaiez osatutako saskiak saltzen dituzte, euskara ofiziala ez den lurraldean euskararen inguruan lanean ari diren eragileentzat dirua jasotzeko helbururekin. Izan ere, saskien balioaren % 25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintza hauspotzera bideratuko da.
Iazko arrakasta gainditzea helburu
Eskariak egiteko joan zen zapatuan hasi zen, eta "iazko arrakasta berdindu edo gainditzea" espero dute koordinatzaileek. Izan ere, aurreko edizioa inoizko arrakastatsuena izan zen, 16.800 saski saldu baitzituzten. Horietatik 38, Soraluzen.
Datozen egunetan, herriko hainbat euskaltzalek ekimenaren berri emateko mahaia ipiniko dute kalean.