Zapatuan, Sorak lau partida jokatuko ditu Ezoziko futbol zelaian

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 26a, 11:50

Zapatu goizean hasi eta iluntzera arte izango dira futbol partidak Ezoziko Futbol Zelaian. Goizean, ligako sailkapen orokorrean lider doazen Sorako infantilek eta jubenilek jokatuko dute. Arratsaldeko lehen orduan, berriz, gorengo mailako taldearen txanda izango da eta zapatua borobiltzeko kadeteek jokatuko dute. 

Zapatuko lehen partida 09:30ean izango da. Sorako infantilek Elgoibarko taldearen kontrako norgehiagoka jokatuko dute. Lider doa Sorako infantil taldea eta azken-aurrekoa da, berriz, Elgoibarko taldea.

Ondoren, jubenilen txanda izango da. Haiek 11:30ean dute hitzordua, Urola kirol elkarteko taldearen kontra. Jubenilen kasuan, baikor zelairatzeko moduan daude, 0-7 irabazi baitzioten aurreko partida Aretxabaletari. Gainera, Sorako jubenilak ere sailkapeneko lehen postuan daude. 

Gorengo maila eta kadeteak

Arratsaldeko hitzorduei dagokienez, berriz, gorengo mailako taldeak 15:30ean jokatuko du, Antzuolako taldearen kontra. Ligako sailkapen orokorrean 7. postuan dago Sora 7 punturekin eta azken partida galtzetik dator, 4-1 Arrasateko taldearen kontra. Antzuola, berriz, azkeneko doa ligan. 

Azkenik, kadeteek jokatuko dute zapatuko azken partida, kasu honetan, Ikasberriren kontra, 17:45ean. Aurreko jardunaldiko partida 2-9 irabazi zuten Sorakoek Aretxabaletaren kontra. Ligako sailkapenean laugarren doa etxeko taldea eta azken postuan, berriz, Ikasberri.