Soraluzetarrek irabazi

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 17a, 11:40
Ibarra eta Caramanzana barikuan, azkoitiarren kontra.

Barikuan, Soraluzeko Pilota Taldeko Ibarra eta Caramanzana kadeteek 22-13 irabazi zuten Azkoitiko bikotearen kontrako partida, Gipuzkoako txapelketaren baitakoa. Hasieran estu samar ibili baziren ere, Soraluzeko ordezkariek 10. tantora iritsi zirenean hartu zuten abiada, partida irabazteraino. 

Ibon Ibarrak eta Mikel Caramanzanak Azkoitiko bikotearekiko pareko samar hasi zuten barikuko partida. Bost tantotara berdindu egin zuten bi bikoteek eta Soraluzeko bikotean urduritasuna ere atzeman zitekeen. Baina, etxekoek jokoari eustea lortu zioten eta apurka-apurka Azkoitiko bikoteari aldea ateratzen hasi zitzaien. 

Horrela, soraluzetarrak 10. tantora iritsi ziren azkoitiarrak 6. tantoan zeudela, eta, hortxe hasi zen atzematen bisitarien ezinegona eta haserrea. Hortik aurrera, soraluzetarrak gailendu egin ziren bai jokoan eta baita tantotan ere. Ia 40 minutuko partida jokatuta eta 22-13 eginda, partida etxekoendako izan zen.