"Adimen Artifiziala bizkorrago doa demokrazia ahulenetan"

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 15a, 14:35
Pedro Larrañaga Mugika elizpean. Argazkia: Fernan Oregi.

Pedro Larrañaga Mugikak (Soraluze, 1958) bi liburu dohaintzan eman zizkion herriko liburutegiari: Industrial Applications of Machine Learning eta Data-Driven Computational Neuroscience. Machine Learning and Statistical Models. Akademikoki zein ikerketa arloan curriculum benetan ikusgarria dauka soraluzetarrak. Liburutegira bertaratu zen, Alberto Arizagaren eskutik. Liburutegian zegoela, tertulia interesgarria izan zen adituaren eta ekimenera bertaratu zirenen artean. Han berba egindakoari bestelako galdera batzuk gehitu eta honako elkarrizketa da emaitza:

Aspaldi Soraluzera etortzeke?
Oso gutxitan joaten naiz. Uda honetan egon naiz, Poto hil zela-eta. Azken bi urteotan, pandemiarekin hori izan da azken eguna. Bestela kintoen bazkariren bat… Han ez daukat familiarik…
Baina bai lagunak, ezta?
Banderatrapo zen gure futbol taldearen izena. Behin Soraluzeko txapelketa irabazi genuen eta oraindik horrekin gaude. Mikel Iñurrieta zen gure aurrelari-erdilaria. Afarietan elkartzen garenean oraindik hori izaten dugu berbetagai.
Azken bisitetan, zelan ikusi duzu herria?      

"Pena handia ematen dit SAPA moduko eraikin bat itxita ikusteak"

Ezin naiz oso objektiboa izan. Bihotzak irabazten du. Adibidez, pena handia ematen dit SAPA moduko eraikin bat itxita ikusteak. Nik oroitzapen horiek ditut: 12:00etako, 13:30eko eta 18:00etako sirenak, etxe-beheetako lantegi txiki ugariak, sokamuturra herriko jaietan, Dantzari diskoteka… Soraluzeren egunerokoa ez dut ezagutzen. 
Bi liburu eman dizkiozu dohaintzan liburutegiari. Zergatik?
Ilusioa egiten dit. Gaztaroan ordu asko pasatu nituen hemen, bueno, orduan Kontzejupean zegoen liburutegia. Liburutegia oso zerbitzu garrantzitsua da, are gehiago gaur egun, irakurketa azkarra eta sakontasun bakoa gailentzen ari den sasoi honetan.  
Batetik, Industrial Applications of Machine Learning liburua ekarri duzu. Elgoibarko enpresa baten eskaeratik dator, ezta?
2015ean UPMn (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan) gai horretan lanean ari ginela, Elgoibarko Etxe-Tar enpresako ikerketa-burua etorri zen.

Garai hartan gu giza garuna ikertzen ari ginen. Etxe-Tarkoak (Inzu Taldea) antzeko metodoak aplikatzera bultzatu gintuen beraien makinen portaera ulertzeko. Sentsorizatuta eta digitalizatuta dagoen makina baten bitartez detekta daiteke bere konportamendua normala den edo ez. Hori gizakiak ezin du egin. 
Jar zenezake adibide bat?
Adibidez, makina baten jabe bati zera esan ahal izatea: Makina horri geratzen zaion biziraupena lau ordukoa da eta ez baduzu beharrezko aldaketa egiten, faktoria edo planta guztia geratu egingo zaizu
Ekarri duzun bigarren liburua, berriz, Data Driven Computacional Neuroscience. Machine Learning and Statistical Models zeri buruzkoa da?
Interneurona tipoak aztertzen dira. Rafa Yuste mediku madrildarrarekin batera dihardugu horretan lanean. Bitxikeria moduan, Yustek bidali zidan bere lehen artikuluan euskal mitologiatik jasotako honako esaera zuen: Izena duen guztia omen da. Euskarazko esaldi horrekin esan nahi zuen dauden interneurona tipoak bataiatu egin behar direla, bestela ez baitakigu zeri buruz ari garan berbetan. Horretan dihardugu. Allen Instituterekin ere ari gara gai bera lantzen.
Zer da Allen Institute?
Paul G. Allen Bill Gates-en laguna zen 70eko hamarkadan, familiako garajean lan egiten zuten sasoikoa. Bill Gatesek bere bidea hartu zuenean, Allenek erabaki zuen mezenazgora dedikatzea. Hil egin da orain dela gutxi, baina Allen Institutua sortu zuen eta haiekin harremana dugu.
Bestalde, mediku madrildar bat euskara ikasten?
Yustek zenbait urte daramatza euskara ikasten. Columbiako Unibertsitateko (New York) irakaslea da, baina urtean hiru hilabetez Euskadira etortzen da, Ikerbasqueko ikertzailea delako. 
Adimen Artifizialean (AA) aditu zara; hori ia esparru guztietan aplikatzen da gaur egun, ala?
Adimen Artifiziala zerbait transbertsala bilakatu da. 
Aldiz, batzuetan beldur handia eragiten du…

"Zerbait indartsua denean (Adimen Artifiziala moduan) hori kontrolatu egin behar da zela edo hala"

Nik uste dut beldurrak datozela ikusi ditugun pelikulengatik, egiten diren sinplifikazioetatik… errealitatetik urrun daude horiek. Hori bai, egia da zerbait indartsua denean hori kontrolatu egin behar dela zela edo hala. 40ko hamarkadan Einsteinek eta Szilárd-ek deklarazio moduko bat egin zuten, energia nuklearraren erabilera egokiari buruz adostasuna lortzera bideratuta. Orain, antzeko zerbait gertatzen ari da AArekin, hura ere arautzeko. Ameriketako Estatu Batuak hasita dago, FDA izeneko erakunde bat dago han. Adibidez, hango ospitale batean AAean oinarritutako zerbait erabiltzen badute, FDAk auditatu egiten du guztia, ikusteko egindako erabilera zuzena den ala ez. Txinan, berriz, gobernuak hango bizilagunengan ezartzen duen kontrola izugarrizkoa da, batik bat, aurpegien ezagutzarekin. Horren bitartez, erabat kontrolatuta daude, kalean, bizitza pribatuan... Oro har, demokrazia ahulena duten herrialdeetan doa bizkorrago AA. Halakoetan, inork ez du zalantzarik eta ez dute beste ezer planteatzen. Europan, berriz, tikismikisagoak dira. Bestalde, aurtengo uztailean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Basque Artificial Intelligence Centerra sortu duela, Gasteizen. 
Super-pertsonaren, humanoideen sorrerak ere ematen du hizpidea...

"Ume txinatarrek 5-6 urtetik aurrera AAri buruzko 44 bat liburu lantzen dituzte unibertsitatera iritsi aurretik"

Hasieratik esaten da bi AA mota daudela: ahula eta indartsua. Adimen Artifizial ahula da jardun espezifiko bat egiten duten sistema inteligenteak garatzea: xakean jokatu, golfean, gidatu… Gauza bakarra. Baina pertsona batek gauza asko egin ditzake batera. Hori litzateke AA indartsua. Nik uste dut azken hori oraindik gaur egun egin daitekeenetik urrun samar dagoela. Dena den, bestelako alorretan moduan, garrantzitsuena heziketa da, jendea heztea. Adibidez, ume txinatarrek 5-6 urtetik aurrera AAri buruzko 44 bat liburu lantzen dituzte unibertsitatera iritsi aurretik. Helburua da kalean, jende guztiak jakitea zer den AA. Baina Europan herritarrik gehienak ez daude horretan formatuta. Erreparo handia dago. Nik, adibidez, orain dela ia 30 urte proposatu nuen AAri buruzko ikasgaia EHUn; nik ikasgai hori lantzen nuen, baina ez zen izen hori onartu, Konputazio Zientziarako Metodo Matematikoak izena ipini zioten. 
Gaur egun, zertan ari da garatzen Adimen Artifiziala?
Gaur egun kirolean, industrian, osasunean… ematen ari den jauzi handia da etengabe sortzen ari diren datuak irensteko gai izango diren sistemak sortzea. Adibidez, sei kamerekin grabatzen diren futbol partida batetik jasotzen den informazio guztiari erabilera emateko. Hori lortzea erronka metodologiko handia da. Hori interesatzen zaigu guri: zer garatu behar den matematikoki, konputazionalki, datu horietatik abiatuta, denbora errealean erantzunak emateko gai izango diren sistemak eraikitzeko. 
Zeuk, zertan diharduzu orain?

"Jende askok defendatzen du urdaila eta burmuina oso lotuta daudela, eta, zela edo hala urdailean eraginez, prozesu neurodegeneratiboen eta antzekoen bilakaera alda daitekeela"

Mikrobioma ikertzen ari gara. Heste-igarotzea. Uste dugu interes handiko gaia dela. Jende askok defendatzen du urdaila eta burmuina oso lotuta daudela, eta, zela edo hala urdailean eraginez, prozesu neurodegeneratiboen eta antzekoen bilakaera alda daitekeela. Baita Althzeimerra ere. 
Beti entzuten da ikerketarako finantzazio gutxi bideratzen dutela agintariek...
Administrazioa modu jakobinoan dago antolatuta. Demostratu behar da errugabea zarela. Ikerlarien kasuan, Ministeriotik datorren subentzio bat lortzen dugunean, denbora mordoa galtzen dugu demostratzeko egin ditugun gastu guztiak zertan egin ditugun. Ministerioak auditore batzuk ditu kontratatuta eta hasieran denari ezetz esaten diote. Gainera, orain, Europatik datozen laguntzekin, hau zoramena da, ze bat-batean, mundu guztiak lantzen du Adimen Artifiziala.  
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zinen, orain Madrilgo Unibertsitate Politeknikokoa (UPM) zara; zergatik joan zinen?
EHUtik UPMra joan nintzen han burmuinaren ikerketari buruzko Hezkuntza Ministerioko proiektu bat zegoelako: Cajal Blue Brain. 5 urte geroago 2013an sortu ziren mundu mailan bestelako proiektu batzuk, Obamaren Brain Iniciative zein Human Brain Project. Azken hori goi mailako proiektua da, flagship (bandera) esaten diote, 1.000 milioi euroko eta 10 urteko iraupena duen proiektua da. Bi urte gehiagoz segituko dugu hor parte hartzen. Proiektu horrek hiru adar ditu: neurozientzia, konputazioa eta medikuntza. Gue kasuan, neuroanatomia lantzen ari gara. Neuronen arteko komunikazioan parte hartzen duten arantzak, zehazki. Izan ere, segun eta zenbat arantza dauden eta non dauden kokatuta, zenbait gaixotasun neurodegeneratibo pronostika ditzakegu. Adibidez, Altzheimerra eta Parkinsona dutenek arantza horietako oso gutxi dituzte.
Orain neurozientzian diharduzu, baina 2013an Espainiako Informatikako Sari Nazionala eman zizuten. Hori zelan lortzen da?
Epaimahai batek erabakitzen du. Batek egindako ibilbidearen arabera. Suposatzen dut nire kasuan hainbat gauza hartuko zituztela kontuan. Adibidez, EHUn, zerotik abiatuta, aurrekaririk ez zuten lan berritzaileak egin nituen. Bestalde, konputaziorako nire hurbilketa matematikarekin oso lotuta egon da. Nire proposamenak fundamentu teorikoarekin egindakoak ziren. Eta hiru urtez izan nintzen Espainiako Ikerketa Proiektuen Plan Nazionalaren arduradun. Oro har, komunitateari egiten diozun ekarpena kontuan hartzen dute. Eta izan behar duzu curriculum aproposa ikerketan. Ikerketak balio du gehien, publikazioak... Lan eta lan. 
Beste sari ugari ere badituzu, zein duzu kuttunen?

"Niretzat saririk garrantzitsuena da Academia Europaea-ko kide hautatua izatea; kideen artean 20 Nobel Saridun daude, maila nahiko altua da, lorpen handiena hori izan da"

Denek daukate euren erakargarritasuna eta berezitasuna. Agian garrantzitsuena da Academia Europaea-ko kide hautatua izatea. Jende asko gaude, 3.000 pertsona, Europako toki guztietakoak eta Asiakoak, AEBtakoak... Baina horien artean 20 Nobel Saridun daude. Maila nahiko altua da. Lorpen handiena hori izan da. Bestalde, Adimen Artifizialeko Espainiako Elkarteak eman zidan saria ere oso polita izan zen, lagunak diren edo harreman estua dudan jendeak eman zidalako. Harrigarriena, berriz, orain bi urte Indian, Nueva Delhin eman zidatena da. Erabat ezustekoa izan zen. Nire izena zelan lortu zuten ere ez dakit. Machine Learning-en zientifikoki egindako aurrerapenarengatik eman zidaten saria. Australiako, Txinako eta Indiako jendea zegoen. Polita izan zen, aprobetxatu nuen han emaztearekin pare bat aste pasatzeko. 
Kirolean ere bazara saridun…
Kirolari asko daude zientifikoki oso gutxi dakitenak eta alderantziz, zientifiko asko daude oso kirol gutxi praktikatzen dutenak. Niri dagokidanez, biak egon dira beti lotuta. Bietan dago aurrera egin nahia, hobetzeko grina. 
Boleibolean nabarmendu zinen zeu…
Eibarko Unibertsitate Laboralean hasi nintzen. Goio Trebiño, Iñaki Sodupe, Jose Luis Arizaga eta laurok joan ginen Unira. Han interno egon ginen. Atletismoan hasi nintzen, baina boleibola gustatzen zitzaidan gehien. Talde nahiko ona antolatu zuten eta 16-17 urterekin Madrilera joan ginen eskolarteko txapelketa batera. Gero Valladolidera joan nintzen ikastera (Gipuzkoatik hara joaten zen sasoi hartan) eta han ere segitu nuen. 18 urterekin izendatu ninduten Espainiako Jokalari Jubenil Nazional onena. Europan ere lehiatu nintzen eta mundu mailako txapelketara joatekoak ginen, Brasilera. Baina, kirolari horrenbeste emanda, urte hartan, ekainean ez nuen ezer gainditu. Beka bat nuen eta ez nuen galdu nahi. Ez nintzen munduko txapelketara joan eta irailean, lautik hiru gainditu nituen. Gero, Donostian nengoela, Fortuna taldean sartu eta Euskadiko Selekzioarekin hasi nintzen, 2-3 urtez egon nintzen kapitain. Lehen alaba jaio zenean erabaki nuen dena lagatzea. 
Elkarrizketa osoa euskaraz egin dugu, ez duzu hizkuntza galdu.
Mantentzen ditut lagun batzuk Donostian, nirekin tesia egin duten hainbat euskaldunak dira eta euskaraz berba egiten dut; emaztea zarauztarra daukat, ez pentsa.