Pedro Larrañaga Mugika goi mailako aditu eta ikerlariak bi liburu eman dizkio dohaintzan Udal Liburutegiari

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 7a, 15:49

Pedro Larrañaga Mugika liburuak Amaia Aldai liburuzainari entregatzen. Argazkiak: Fernan Oregi.

Atzo, astelehena, Pedro Larrañaga Mugika goi mailako aditu eta ikerlari soraluzetarrak bi liburu eman zizkion dohaintzan Soraluzeko Udal liburutegiari. Bata da Industrial Applications of Machine Learning eta bestea da Data-Driven Computational Neuroscience. Machine Learning and Statistical Models. Madrilen bizi arren, Adimen Artifizialean eta Konputazio Zientzietan katedradun den Larrañaga bera bertaratu zen liburuak ematera. 

Pedro Larrañaga Mugikak honako mezua idatzita entregatu zizkion bi liburuak Amaia Aldai liburuzainari: “Soraluzeko Udal Liburutegiko irakurleek liburu hau irakurtzen gozatuko duten itxaropenarekin, pozik ematen diot erakunde horri”.

Larrañagak esan zuenez, “ilusioa” egiten dio bere bi liburu horiek Soraluzeko liburutegiari ematea (berak ezagutu zuena Kontzejupekoa izan zen), eskerronez baititu gogoan gaztaroan herriko liburutegian emandako orduak. “Liburutegia oso zerbitzu garrantzitsua da, are gehiago gaur egun, irakurketa azkarra eta sakontasun bakoa gailentzen ari den sasoi honetan”, adierazi zuen.

Zazpi urteko lana

Jaioterriko liburutegiari emandako liburuotako batek, Industrial Applications of Machine Learning izenburua duenak deskribatzen du ikasketa automatikoen teknikak zelan aplika daitezkeen digitalizazio industrialean. 300 orriko lana da eta Larrañagarekin batera, liburu horretan parte hartu dute D. Atienza, J. Diaz-Rojo, C. Puerto-Santana, A. Ogbechie, C. Bielza adituek.  

Beste liburuaren izenburua, berriz, da Data-Driven Computational Neuroscience. Machine Learning and Statistical Models. Liburu horretan aztertzen dena da aldagai anitzeko estatistika-metodoen eta ikaskuntza automatikotik eratorritako metodoen erabilera, neurozientzia konputazionalean lortutako datuekin entrenatutako ereduen bidez ezagutza berria sortzeko. 700 orriko liburua da eta kasu honetan Concha Bielza adituarekin batera idatzi du liburua Larrañagak. 

Aditu soraluzetarrak jakinarazi zuen 7 urte eman dituztela liburuak lantzen eta idazten. 

Alberto Arizaga soraluzetarrak lagunduta bertaratu zen Larrañaga dohaintza egitera eta ordubete inguruan izan zen tertulian ekitaldira bertaratu ziren kazetariekin, argazkilariarekin eta liburuzainarekin. Adimen artifiziala izan zen berbetagai nagusia. Ingurukoen galderei eta jakin-minari erantzunez jardun zuen Larrañagak, harik eta joateko ordua iritsi zitzaion arte. 

Curriculum ikusgarria

Goi mailako aditua da Pedro Larrañaga Mugika soraluzetarra. Konputazio Zientzietan eta Adimen Artifizialean katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan 2007tik; aurretik, EHUn irakasle ere izandakoa da, besteak beste. 2012tik, berriz, Adimen Artifizialeko Europako Agentziako kidea da. Baina horrez guztiaz aparte, duen curriculuma benetan da ikusgarria. 

Besteak beste, 200 artikulu baino gehiago argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, sei liburu idatzi ditu beste aditu batzuekin batera, 100 ikerketa proiektu baino gehiagotan hartu du parte, 31 doktore tesi zuzendu ditu, 27 konferentzia eman ditu nazioartean eta unibertsitate eta institutu zientifiko onenetan seminarioak eman ditu, adibidez, Harvard-en, MIT-en eta goi mailako beste hainbat ikastetxetan. Eta beste pare bat datu aipatzearren, Europako Human Brain Project izeneko proiektuan dihardu parte hartzen, 2013an Espainiako Informatikako Sari Nazionala eskuratu zuen eta 2018an, berriz, Adimen Artifizialerako Espainiako Elkartearen saria.