Zela joan da lasterketa?
Lasterketa primeran joan zen. Hasieran lasai hartu nuen, ze nik ez daukat esperientziarik holako lasterketetan eta erabaki nuen hasieran indarrak gordetzea, ondo bukatzeko. Ibilbidearen parte handi batean 18. joan nintzen baina gero poliki-poliki jendea aurreratu nuen eta horrek indar mental asko eman zidan. Azkenean, bosgarren bukatu nuen. Guztira, 250 korrikalari atera ginen baina erdiak baino gehiagok ez zuten bukatu.
Zelakoa da Madeira Sky Race?
Oso gogorra. 55 kilometroko ibilbidea du eta 4200 metroko desnibela. Zati batzuk oso teknikoak dira, sokekin egin beharrekoak. Ingurua gurearen antzekoa da: lokatza, goroldioa, harri labankorrak... Ibilbidearen zati bat, kilometro bat, erreka handi baten barruan egin behar da. Benetan gogorra da baina oso polita.
Bosgarren egin izanak zelako inportantzia du zuretzat?
Niretzako lasterketa honek garrantzi handia zeukan. Astebete lehenago euskal selekziotik deitu zidaten lasterketan Euskal Herria ordezkatzeko eta baiezkoa eman nien. Aukera bikaina zen niretzat. Egia da ez zela nire ohiko distantzia eta beldur pixkat neukan hoorregatik, baina neure buruari esan nion: “ez daukat ezer galtzeko, ahaleginduko naiz eta amaierara arte borrokatuko naiz”.
Ni euskal selekzioaren deiari erantzunez joan nintzen baina han selekzioak baino gehiago ekipo potenteak zeuden korrikalariak patrozinatzen dituzten marken taldeak ordezkatuz. Lasterketan parte hartu zuten korrikalari batzuk mundu mailan oso aurrean dabiltzanak dira. Esaterako, aurtengo edizioa irabazi duen suediarrak Adidas Terrex taldearekin korritzen du, bigarren egin duena portugaleko ultra lasterketen txapelduna da eta hirugarrena Dynafit ekipoko taldekidea. Gainera, Vivram Team-eko jendea ere bazegoen... Izen handiak dira horiek.
Aurtengo denboraldian zenbat lasterketa korritu dituzu?
Egin ditut batzuk. Egia esateko, espero nituenak baino gehiago: Espainiako kopako bi lasterketa, Vihelakoa, beste bat Mallorkan, Sorginen lasterketa atxondon eta joan zen astean Euskal Herriko txapelketa Araian.
Hurrengoa non?
Datorren astean Malagara noa Espainiako kopako kluben txapelketan parte hartzera. Ea bitartean zer moduz errekuperatzen naizen. Hortik aurrera, seguruenik egingo ditut beste lasterketa batzuk ere baina Euskal Herri barruan. bidai luzerik barik.