%2 igoko dira datorren urteko zergak eta tasak

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 7a, 11:48

Udal ordezkariak botoa ematen, atzo, eguaztena.

Datorren urtean %2 igoko dira udal zergak eta tasak. Igoera orokorra hori izan arren, hainbat salbuespen izango dira; adibidez, jarduera enpresarial berriak eta eguzki-plakak ipintzea bultzatzeko hobariak izango dira eta zaborraren tasan eta bertako zuhaitzen landatzean salbuespenak. Hala onartu zuen atzo udalbatzarrak, aho batez. 

Iaz izoztuta egon ziren ordenantza fiskalak, pandemiak eragindako krisiari aurre egiten laguntzeko. Bada, datorren urtean atzera ere handitu egingo dira udal zergak eta tasak.

KPIa baino gutxiago

Berez, ordenantza fiskalen igoera finkatzeko kontuan hartu ohi den indikatzailea abuztuan izandako KPIa da. Aurtengoa %3,3koa izan da, hainbat prezioren igoerak eraginda, adibidez, argindarraren prezioak. Baina, udal ordezkarien ustez, “igoera horrek ez du biztanleriaren benetako erosi ahalmenaren igoera islatzen”.

Aldaketak

Hori horrela, hiru alderdien artean adostu zuten KPIak zehaztutakoa baino igoera txikiagoa aplikatzea datorren urteko zergetan eta %2ko igoera orokorra onartu zuten. 

Hori bai, lau salbuespen izango dira:

  • 1- Zaborraren tasa igoko da %0,63, mankomunitateak berak zehazten baitu igoeraren zenbatekoa.
  • 2- Jarduera enpresarial berria abiarazten duenak %99ko hobaria izango du jardueraren tramitazio gastuetan.
  • 3- Etxebizitzako energia kontsumoari aurre egiteko energia sortzeko aprobetxamendu termiko edo elektrikoko (eguzki-plakak) sistemak ipintzearren, %50eko hobaria aplikatuko da etxebizitza horren OHZn (IBIan). Bost urtez aplikatuko da sistema instalatzen denetik hasita eta 2005a baino lehen eraikitako eraikinei zuzendutako hobaria da.
  • 4- Bertako zuhaitzak landatzen dituzten baserri/etxeetan salbuetsita geratzen dira OHZ ordaintzeaz.

Ausardia politiko falta

Puntua onartu ondoren, Unai Larreategi oposizioko bozeramaleak adierazi zuen “lehengaien prezioak neurrigabe” igotzen ari direla ikusita, herri mailako erakundeek ez ezik, maila goragokoek ere egin beharko luketela zerbait. “Adibidez, EHBilduk protesta dauka deituta barikurako, argindarraren prezioaren igoera dela-eta, baina halakoen gainetik, politikan neurri ausartak behar dira eta halako gutxi ikusten dira. Adibidez, badirudi politikatik ez dagoela nahikoa indar argindar enpresa handiei aurre egiteko”. 

Betalde, Patricia Borinaga gobernukide sozialistak zorionak helarazi zizkien alderdi politiko guztiei, “udal mailan dagoen erreminta erabiltzeko adostasuna lortu baita, kasu honetan, ordenantza fiskalekin lotuta”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.