Barron errioxarrak eta Garcia salamankarrak irabazi dute emakumezkoen frontenis txapelketa

Egoitz Unamuno 2021ko urr. 4a, 09:39

Lorena Barron errioxarrak eta Ana Garcia salamankarrak jantzi zituzten atzo txapelak emakumezkoen frontenis txapelketaren lehen edizioan, finalean Laura Saez eskoriatzarra eta Inge Sancristobal menderatu eta gero. Emakumezkoen txapelketan 12 bikotek hartu zuten parte. Argazkiak: Arnaitz Cifuentes.

Goizean, frontenis txapelketako "eskualdeko saria" jokatu zuten Soraluze eta ingurutako jokalariz osatutako zazpi bikotek eta, bertan, Esti Marcos alegiarra eta Lierni Asuabarrena urretxuarra nagusitu ziren. 

Arratsaldean, mailarik altueneko gainerako bikoteak lehiatu ziren eta hogei minutuko partidu ikusgarria jokatu eta gero, finalean Errioxako eta Gaztela Leongo bikotea 9 eta 7 nagusitu zitzaion euskal bikoteari.

Antolatzaileak gustura agertu dira emakumezkoen txapelketaren lehen edizioan izan den parte hartzearekin; "arrakasta totala izan da". Izan ere, 12 bikotek eman dute izena eta horixe zen antolatzaileek ezarria zuten gehienezko kopurua. Jatorriari dagokionez, Lasartetik, Idiazabaldik, Alegitik, Legazpitik, Urretxutik, Bergaratik, Gasteiztik eta Gueñestik etorritako euskal jokalariekin batera, Zaragozatik, Burgostik, Soriatik, Errioxatik, eta Salamancatik etorritakoak lehiatu dira. Atzo ere, azken hauek erakutsi zuten mailarik altuena.     

Erlazionatuak

Finala eta sari banaketa

Egoitz Unamuno 2021 urr 04 Soraluze