Zalla, Gueñes, Urretxu, Legazpi, Bergara eta Soraluzeko euskal jokalariekin batera, Errioxatik eta Gaztela Leondik (Burgos, Soria, Salamanca) etorritako beste hainbat bikote ere lehiatu dira aurtengo frontenis txapelketan. Guztira, hamabi bikote. Kanporaketetako partiduak 22 tantotara jokatzen dituzte baina partidu bakoitzaren denbora tartea mugatuta da, hogei minutukoa.
Amaia Ariznabarreta antolatzaileak zehaztu duenez, bataz beste, aurreko bi edizioetan baino sei bikote gutxiagok parte hartu dute aurten modalitate mixtoan; "justu beste txapelketa batekin koinziditu du eta asko izena emanda zeuden hara joateko". Hala ere, antolatzaileak oso gustura daude lortu den parte hartzearekin eta baita sortu den giroarekin ere: "Jende asko etorri da urrutitik, autoan hiru-lau orduko bidea eginda, egun pasa edo asteburu pasa, hemen sortzen den giroa gustatzen zaielako, ez hainbeste sariengatik. Nahiz eta txapelak, garaikurrak eta parte hartzaileen artean zozkatu ditugun herriko komertzioetako produktuak ere (tartean, txuletak), motibagarri diren".
Domekan, emakumezkoak
Gaur, domeka, emakumezkoen txapelketa jokatuko da, hau ere bikoteka. Partiduak, goizeko 9:00etan hasiko dira eta lehenik eskualdeko edo inguruko herrietako partaidez osatutako bikoteak lehiatuko dira. 13:00etan, eskualde mailako sariak (Deba bailara eta ingurukoak) banatuko dituzte eta arratsaldean, berriz, goizeko bikote irabazlearekin batera, Gaztela Leon aldetik etorritako bikoteak lehiatuko dira. "Hala egitea erabaki dugu bailaratik kanpo datozen parte hartzaile asko federatuak direlako eta inguruko jokalariok baino maila altuagoa dutelako. Adibidez, Gaztela Leonen frontenis federazioa dute eta probintzia arteko liga ere bai", argitu du Amaiak. Final nagusia arratsaldeko 19:00etan jokatuko dute.