Berrikuntzaz beteta dator eskola kirolaren aurtengo eskaintza eta funtzionamendua.
Azken horri dagokionez, pandemiak etendako funtzionamendua ia bere osotasunean berreskuratuko da aurten. Hau da, entrenamenduak astean birritan izango dira eta asteburuetan, partidak jokatuko dituzte.
Hori bai, Atxolin Guraso Elkarteak proposatuta, aurten, zapatuetako hitzordu guztiak Soraluzen izango dira eta horrekin batera, hainbat zapatutan, aukerazko, aparteko eta ezohiko jardunaldiak egiteko aukera emango du Athlon kooperatibak.
Irteera eta jardunaldi bereziak
Adibidez, eskaintza berritzaileak izango dira aurten. Atzoko batzarrean esan zutenez, izotz pistara irteera antolatzen ahaleginduko dira Gabonak baino lehen, edo atletismoarekin lotutako jarduerak antolatuko dituzte, igerilekuan egitekoak, eskalada, espeleologia, surfa… Halakoetarako, borondatezko jarduerak direnez, aparteko izen-ematea izango dela ere jakinarazi zuten, besteak beste.
Osterantzean, azpimarratu zuten “oso pozik” daudela Soraluzeko izen-ematearekin, baita ere, atzoko batzarrera bertaratutako jende kopuruarekin eta baita Soraluzeko eskola kiroleko taldeetan izango diren begiraleekin ere: “Soraluzekoak dira. Begirale kualifikatuak dira, oso profil onekoak, heziketa fisikoko ikasketak bukatuta dituztenak eta goi mailako zikloren bat ere badutenak”, esan zuen Susana Santorrek, Athloneko ordezkarietako batek.
Bestelakoen artean, ohartarazi zuten COVIDa dela-eta, pandemiaren bueltan ezarritako segurtasun neurriak bete egin beharko dituztela. Adibidez, umeek maskara erabili beharko dute uneoro eta gurasoak ezin izango dira kiroldegira sartu. Horren harira, guraso batek galdetu zuen ea ez zegoen aukerarik entrenamenduak aire-librean egiteko musukoa erabili behar ez izateko. Erantzun zuten antolaketari zein eguraldiari dagokionez, aproposagoa zela, orain arte moduan, saioak kiroldegian egitea.
Hasteko, errugbia
Horrez aparte, bestelako xehetasun ugari ere eman zituzten atzoko batzarrean. Baina azpimarratu zuten informazio guztia eskuratzeko web orria izango dela guztien eskura. Hor informazio eguneratua ipiniko dute, baita jardueren argazkiak eta beste. Dagoeneko erabilgarri dago eta erabat osatuta. Gurasoak hura erabiltzera gonbidatu zituzten: soraluzeeskolakirola.wordpress.com
Azalpen guztiak emanda, esandako moduan, datorren astean abiaraziko dute aurtengo eskola kirola. 100 ume baino gehiagok parte hartuko dute eta errugbiarekin hasiko dira guztiak.