Asteburuan, bi partida etxean jokatuko dituzte Sorakoek

Ubane Madera Zangitu 2021ko urr. 1a, 09:01
Sorako gazte mailako taldea zelaira irteten, joan den asteburuan. Argazkia: Gorka Zubiaurre.

Sorako ekipoek, bihar, zapatua, izango dituzte ligako jardunaldiko hitzordurik gehienak. Goizean, Ezoziko futbol zelaian jokatuko dute gazte mailakoek, Elgoibarko taldearen kontra. Arratsaldean, berriz, gorengoek Legazpin jokatuko dute eta kadeteek, berriz, Antzuolan. Azkenik, domekan, infantilen txanda izango da, etxean.

Sorako gazte mailako taldeak du asteburuko lehen hitzordua. Bihar, 11:30ean hartuko du Elgoibarko taldea.

Bihar, baita ere, baina arratsaldean, kadeteek Antzuolako Estala futbol zelaian jokatuko dute 16:30ean. Eta ordu berean dute partida gorengo mailako mutilek, azken horiek, Legazpin, Ilintxa taldearen kontra.

Asteburuko azkeneko partida, berriz, domekan izango da, 11:00etan, Ezoziko futbol zelaian. Sorako infantilek Elgoibarkoen kontra jokatuko dute.

Emaitzak

Aurreko asteburuko jardunaldiari dagokionez, berriz, hiru taldeek, gorengo mailakoak, gazte mailakoak zein kadete mailakoak irabazi egin zuten. Gorengo mailakoek 4-3 irabazi zioten Zestoari; gazte mailakoek, berriz, 1-2 irabazi zioten azkoitiarrei eta kadeteek 5-2 irabzi zuten txantxikuarren kontra.