Bihar, Gipuzkoako txapelketako partidak, kiroldegian

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 30a, 12:26

Pilotariak irailaren erdialdeko partidetan.

Bihar, barikua, Gipuzkoako pilota txapelketako hiru partida jokatuko dituzte Arane kiroldegiko frontoian. 18:00etan hasiko dira norgehiagokak; kadeteek jokatuko dute lehenengo, nagusiek ondoren eta azkenik paletakoek. 

Bihar, 18:00etan izango da lehen partida, Ibarrak eta Caramanzanak jokatuko dute Tolosako bikotearen kontra. 

Haien ondoren, Aitor Mendiazabalek eta Ibai Bolinagak jokatuko dute nagusien mailan, Lazkaoko bikotearen kontra. Eta jaialdia bukatzeko, gomazko paletakoen txanda izango da; Santamariak eta Fernandezek Hernaniko bikotearen kontra izango dute norgehiagoka.

Asteburuko jarduna bukatzeko, zapatu goizean Rasconek eta Gallastegik palako partida jokatuko dute, Errenterian.

Aurreko asteburuko emaitzak

Emaitzei dagokienez, berriz, aurreko asteburuan, Balerdik eta Atxotegik galdu egin zuten Amezketan jokatu zuten partida, Altunaren eta Ugartemendiaren kontra, 22-11. Paletako partida, berriz, soraluzetarrek irabazi zuten, Azkoitin, Atxotegik eta Gallastegik, 25-9. 

Azkenik, kadeteek ere, Ibarrak eta Caramanzanak irabazi egin zuten 22-5, Lasarteko bikotearen kontra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.